Intsumisioa 1980-1990eko hamarkadarekin lotzen da askotan, baina tradizio handiko jokabidea izan da Euskal Herriaren historian. Horren adibide bat ilustratu berri du Galder Gonzalez geologo, dibulgatzaile eta euskarazko Wikipediako kideak. Intsumisioa eta desertzioa Lehen Mundu Gerran Mauleko barrutian mapa sortu du, Gerla Handiak Ipar Euskal Herrian borrokara deiturikoen artean eragin zuen erreakzioa erakusteko.
Datuak esanguratsuak dira: batez bestean, herritarren %16,54k egin zien uko Frantziako Armadara joateari. Joera argi bat nabari da: Nafarroa Garairako mugatik gero eta hurbilago, orduan eta intsumiso eta desertore gehiago. Izan ere, deituriko askok bestaldean hartu zuten babes, armei uko egiten zietenei ezartzen zizkieten zigor gogorretatik ihesi. Horrela, Aldudeko herritarren %25,91k uko egin zioten gerran parte hartzeari, eta Urepelen, %29,14k.
Horiek datu ofizialak, Jean-Paul Jourdan ikertzaileak jasotakoak Le refus de «l’impôt du sang»: insoumis et déserteurs basques pendant la Grande Guerre liburuan('Odol zergaren' ukoa: euskal intsumiso eta desertoreak Gerlan Handian). «Bertan esaten duenez, Mauleko Barrutiko datuak baino ez daude zehaztuta, eta mugako herri batzuk ere badaude, polizia txostenetatik atereak», idatzi du Gonzalezek. «Baina, bertan ere, esaten du datuak ez direla osoak eta balitekeela gehiago izatea».
Historialariak lanaren hitzaurrean adierazten du Frantziako nazionalismoak eraikitako kontakizunean beti adierazi dela herritarrak «sutsu» joan zirela frontera. Haatik, adituek aspaldi erakutsi dute herritarrek «atsekabez, txundiduraz, eta etsipenez» hartu zutela gerraren iragarpena. Agintariek lan handia egin behar izan zuten horiek ezkutatzeko, eta protesta oro zapaltzeko.
Gerra 1914ko uztailaren 28an hasi zen, eta handik bi egunera Baionan gertaturikoaren berri ematen du Jourdanek. Sindikalistek gerraren aurkako eta bakearen aldeko elkarretaratzera deitu zuten Lapurdiko hiriburuan. Ezin izan zuten ekitaldia egin, ordea, nazionalista frantsesek deialdiaren berri izan zutelako, eta haien kontra kolpez jo zutelako. Fernand Elosu militante anarkistak antolatu zuen protesta, eta ihes egin behar izan zuen, eskuin muturrekoei «gora Alemania» oihukatu ostean.
Agintariek zuzenean bultzatu zituzten protesten aurkako ekimenak. Orduko prefetak bidalitako telegrama baten berri ematen du ikertzaileak. Horretan, funtzionarioei esaten die debekatu egin behar direla herritarrak gerrara eramateko mobilizazioa oztopatuko lukeen bakearen alde antolaturiko protesta oro.
Milaka gizonezko gaztek ihes egin zuten Hegoaldera Frantziako Armadan gerran ez aritzeagatik. Horietako bat Extefana Irastortza poetaren aita izan zen; Hendaiatik Pasaia aldera joan zen. BERRIAn kontatu zuen idazleak aita desertorearen istorioa.