1996ko abuztuaren 7ko euriteak—ordubetean 170 litro ur bota zituen metro koadroko— ia 13.000 tona sedimentu eraman zituen mendian behera. Minutu eta erdian hautsi egin zituen sakanari eusteko ia 30 presak, baita Gallego ibaiarentzat eraikitako hustubide artifiziala ere. Ibaiak gainezka egin, eta mendian beherako bidea egin zuen; aurrean eraman zuen Las Nieves kanpina. Ezbeharrean 87 pertsona hil ziren; haietatik hamabi, euskal herritarrak. Kanpina bi ibairen elkargunean eraiki zutela argitara eman zuen txosten batek, ezbeharra ikertzeko egin zen auzian.
Hogei urte geroago jaso dute lehen omenaldi ofiziala hildakoek eta haien senideek, Biescasko Udalak egina. Haien oroimenezko gunea atondu dute kanpina egon zen lekuan, eta bi oroigarri ezarri. Ekitaldian, "zauriak ixteko garaia" dela nabarmendu du Luis Estaun herriko alkateak, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du gertatutakoa oroitzea. Orain hogei urte herritarrek erakutsitako elkartasuna eta larrialdi zerbitzuek egin zuten lana ere eskertu ditu.
"Erdizka" egindako justizia
Ezbeharra gertatu eta ia harmar urte geroago eman zuen auziaren epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak: 11 milioi euroren kalte-ordainak eman beharko zituzten Aragoiko Gobernuak eta Espainiako Estatuak. Espainiak uko egin zion 14 familiari kalte-ordainak emateari, eskarian parte hartu ez zutelako. Familiek Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten, baina auzitegiak ez zuen aintzat hartu eskaria, eta ez zuen auzibiderik ireki. Omenaldian, zenbait senidek salatu dute justizia "erdizka" egin zela, kalte-ordainak ez zituztelako guztiek "neurri berean" jaso.