2014ko IPARRALDEKO HERRI BOZAK

Lehen txanparen indarretik

Hauteskunde eguna da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Udal bozen lehen itzulia da gaur; abertzaleak izanen dira bigarren itzulirako gakoa. Herri elkargoek gero eta indar handiagoa ukanen dute ildo nagusiak trenkatzeko.

Pisu politikoa handitzeko parioa egin zuten Bil Gaiten taldean bildutako hautetsi abertzaleek. G. I.
Aitor Renteria.
2014ko martxoaren 23a
17:56
Entzun

Abertzaleak baikor ageri dira, bihar Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan eginen diren herriko bozen bezperan. Mila biztanlez gorako herri edo hirietan, 25 zerrendatik gora osatu dituzte, edo, bederen, zerrendaburua abertzalea da. Inkestek ere emaitza onak plazaratu dituzte. Bigarren itzulirako hitzarmenak, negoziazioak abiatuko dira igande iluntzetik. Jokoan dira herri elkargoak ere, eta, hautagai guztiek aitortzen dutenaren arabera, geroan herri elkargo mailan deliberatuko dira. Hauteskunde sistema aldatu ondoren, abertzaleek hautetsiak irabaziko dituzte erakunde horietan. Frantziak Lurralde Elkargoaren aldarriari ezezkoa erran ondoren, herri elkargoak egitura bakarrean biltzeko xedea aipatu izan du Frantziako Gobernuak.

Ondoko bi igandeetan aukeratuko diren hautetsiak funtsezkoak izanen dira horri begira. Gainera, Nafarroa Beherea herri elkargo bakarrean biltzeko xedea eztabaidatuko da aurki. Horrez gain, urtarrilerako lurralde eskema bakarrean (Scot) bildu nahi ditu Frantziak Zuberoa eta Nafarroa Beherea.

1. Lurralde elkargoa

Batera plataformak bi galdera zehatz egin zizkien hautagaiei, eta 111 zerrendek ihardetsi diote, gehienek aldeko jarrera azalduz. Lurralde elkargoaren alde eta euskara bizi publikoan sustatzearen alde ote dauden galdetu zien. Galdera hori funtsezkoa izanen da Baiona-Angelu-Miarritze hirigunean. Henri Etxeto, Jean Espilondo eta Guy Lafite sozialistek lurralde elkargoaren aldarriari entzungor egin eta «bizi eremua» garatzea proposatzen dute. Alta, balizko erakunde hori osatzeko, Lapurdiko herriak ez ezik, Landetako hegoaldeko herri elkargoak ere bildu nahi lituzkete hautagai sozialistek.

Abertzaleen boza %3 inguru izanen zela uste zuen Etxetok. Inkestek %9 ematen diote Jean Claude Iriart hautagai abertzaleari Baionan. Herriko Etxea gobernatzeko ezinbestekoa izateaz gain, herri elkargoan eragiteko era ukan dezake, lortutako hautetsien arabera. Alta, sozialisten proposamena eta abertzaleen aldarria ez dira bateragarriak. Bigarren itzulirako aukerak zailtzen ditu horrek.

Lurralde elkargoaren aldarria bultzatu du Baterak bi urteotan, kontsentsu zabala erdietsiz, hautetsien artean ez ezik, eragile mota orotan eta gizartean ere bai. Baterak ez du alderdi baten alde bozkatzera deituko, oharrean azaldu zuenez. Alta, traba egin diezaieke aldarriaren aurka egin duten edota sostengatu ez duten hautagaiei. Espilondo da horietako bat. Kontuan harturik ukan dezakeen eragina, jakinarazi du hauteskunde horien bidez ez dagoela lortzerik lurralde elkargoa. Baina aldarria ez da mugatzen egitura zehatz batera. Lehen departamendua eskatu zuen bezala, legeak ahalbideratzen duen aitortza instituzionala eskatzen du Baterak. Euskal Herriaren lurraldetasuna arriskuan ezarriko lukeen «bizi eremuaren» proposamenaren aitzinean, hautagai jakin batzuen aldeko boza eskatzeko balia dezake aukera, bigarren itzuliari begira.

2. AHT

CADEk AHTari buruzko galdeketa igorri zien hautagaiei. Sozialistak dira Akitanian xede hori gehien sostengatzen dutenak. Arlo horretan ere, Kotte Ezenarro Hendaiako hautagai sozialista «urrundu» egin da: Hendaia eta Baiona artean AHTrik ez duela nahi ihardetsi dio CADEri. Bereziki, Lapurdi kostaldean eragina ukan dezake gaiak. Beste galdetegi bat igorri zuen CADEk, ur zerbitzuei buruzkoa. Sare publikoaren aldekoak ote diren galdetu zien. Herri mailan eragina du galderak, erabakiak herri elkargo mailan hartuko badira ere geroan. Izan ere, herri elkargoek parte hartu behar dute balizko AHTaren bidea egiteko ordainketan. Kontra diren hautetsiek behin eta berriz salatu dute ordainketa horrek urteetarako zorpetuko lituzkeela erakunde publikoak.

3. Etorkizuna

Zerrenda irekien aldeko parioa egin dute abertzaleek. Salbuespenak izan dira, hala ere. Miarritzen, lehen itzulitik Veunac zentristaren zerrendan doaz, eta ez da abertzaleen «pisu erreala» neurtzeko betarik egonen. UMPko Max Brisson aterako balitz garaile, abertzaleak ahuldurik aterako lirateke. Alderantziz, Donibane Lohizunen %25 inguru egitea espero dute abertzaleek; %20 egin zuten 2008an. Emaitza baieztatuko balitz, bigarren indarra bihurtzeko parada lukete, sozialisten kaltean. Etorkizunari begira, oposizioko erreferentzia bihurtuko lirateke, eta gobernatzeko gai den indar gisa. Bestalde, Odile de Coral Urruñako auzapeza ere kolokan egon daiteke.

4. Ingurumena

Bizi mugimenduak trantsizio energetikorako hitzarmena proposatu die hautagaiei. Laurogeitik gora dira hitzarmena izenpetzera bultzatuak izan diren zerrendak, kolore politiko orotarikoak. Izenpetzeak, neurri zehatzak hartzera behartzeaz gain, erakusten du herri mugimenduek ukan dezaketen eragin zuzena.

5. Antolaketa

Lurralde antolaketa izanen da ondoko sei urteotarako erronka nagusietarikoa. Ipar Euskal Herri barnealdean, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eragin handia ukan dezake. Prefetak herri elkargo bakarrean bildu nahi ditu Nafarroa Beherekoak. Abertzaleetatik hasita, proposamenak ez du adostasunik lortu. Eskumen, hautesbide eta baliabideei buruzko galdera pausatzen da. Paristik inposatuko da xedea, eta martxoaren 30etik aitzina herri elkargoetan egonen diren hautetsi abertzaleek horren inguruko jarrera adostu beharko dute.

Gehiago oraindik, Zuberoarekin batera lan egiten ikasi beharko du Nafarroa Behereak, eta alderantziz. Garapen eskema bakarra nahi du Parisek eremu horretan inposatzeko. Alta, ohituraz, herri elkargoen ohitura eta erreferentziak ez dira uztartu. Ildo horri begira, garrantzi handia ukanen du, batetik, abertzaleek Garazi aldean lortuko duten emaitza. Izan ere, Jean Mixel Galan da Garazi-Baigorri Herri Elkargoko presidentea gaur egun. Bertze erronka bati ihardetsi beharko dio. Aturri-Euskal Kostaldea Hiri Elkargoak pisu politikoa indartu nahi du, Ipar Euskal Herriko herri elkargo guztiak egitura bakarrean bilduko lituzkeen egiturari begira. Kostaldearen eta barnealdearen arteko desoreka handituko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.