Lehen urratsak Kanbon

Euskal Herriko nahiz nazioarteko eragileak espero dituzte ostiralean Kanbon egingo den konferentzian. Bertan izango dira Harremanetarako Nazioarteko Taldeko, Foro Sozialeko eta Bake Bideako kideak.

Arnaga Etxea, Kanbon. JOANES ETXEBARRIA
2018ko maiatzaren 3a
11:22
Entzun

Eguerdiko 12:00etan jarri dute hitzordua, Kanboko Arnaga Etxean. Dagoeneko parte hartzea iragarri dutenen artean dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapeza, Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapez eta Elkargoko kontseilu exekutiboko kidea, Max Brisson Pirinio Atlantikoetako senataria, Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senataria, EAJko presidente Andoni Ortuzar, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, Sare plataforma edota EAEko Ahal Dugu.

2011n Aieten hasitako bideari bultzada bat ematea da Gatazkaren Konponbidea Aitzinatzeko Nazioarteko Topaketaren helburua. Hala iragarri dute antolatzaileek, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozialak eta Bake Bideak. Horretarako nahitaezko urratsa izan da ETAren desegitea, zeina erakundeak berak iragarri duen BERRIA, Gara, BBC eta Le Monde egunkarietara bidalitako oharrean.

Ekitaldian parte hartzeko gonbita jaso zuten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak  ere, baina uko egin diote Kanbora joateari. Biek argudiatu dute antolatzaileekin harremanetan dauden arren, ekitaldi itxia izanik eta ETAren komunikatuaren edukia ezagutu gabe, ondoren egingo dutela haren balorazioa. Ez dira bakarrak izan, parte hartzeari uko egin dio PSEk ere.

Aieteren garrantzia

Zazpi urte joan dira Aieteko bake konferentzian egin zenetik, baina hura gakoa izan zela aitortu dute beste behin Kanboko ekitaldiko antolatzaileek: "Luhusok, 2016an, eta Baionak, 2017ko apirilaren 8an, frogatu digute Aieteko Konferentzia ez zela hutsala izan".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.