Hasieratik, 'Berria.info'-ren erronka nagusia beste hizkuntzetan plazaratzen diren egunkarien edizio digitalek eman ohi duten zerbitzu informatiboa —etengabe eguneko albisteak ematen dituenedizio jarraitua— euskaraz bizi nahi duten herritarrei eskaintzea izan zen. Hots, unean uneko albiste garrantzitsuenak, euskaraz, jasotzeko aukera ematea.
Bide horretan, eguneko 4.500 bisita ingururekin abiatu zen 'Berria.info', eta egun, urtebeteko bidearen ostean, 8.000 bat dira, batez beste, edizio digital honek eguneko jasotzen dituen bisitak. Gertakari handiak gertatzen diren egunetan, gainera, asko hazten da bisiten kopurua: esate baterako, Martxoaren 11ko zoritxarreko gertakariak zirela eta, 39.000 bisita jaso ziren egun hartan.
Halaber, euskarri digitalak ematen dituen aukerak baliatuz bere eskaintza hobetzea izan da urtebete honetan 'Berria.info'-ren erronka: ingeleseko edizioa osatu eta hobetzea, punta-puntako gaiekin webgune bereziak osatzea, papereko 'Berria'-n plazaratu diren elkarrizketa garrantzitsuenak sarean txukun kontsultatzeko moduan jartzea, hemeroteka zerbitzua eskaintzea, eztabaidaguneen bidez erabiltzaileen partaidetza bultzatzea...
Urtebete igaro da, hainbat urrats egin dira, baina etorkizunera begira baditu asmo berriak 'Berria.info'-k; hala nola, webgune tematikoak eratzea zein soinua eta irudia sartzen hastea.
Hilaren 26an Akziodunen Batzarra
Oro har,'Berria'-ren proiektuari dagpkionez, lehen urtebetean oso emaitza onak lortu dituela nabarmendu dute Joxean Lizarribar EKTko Administrazio Kontseiluko lehendakariak, Joan Mari Larrarte idazkariak eta Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariak, gaur goizean Martin Ugalde Kultur Parkean eman duten prentsaurrekoan.
Lizarribarrek nabarmendu du 'Berria'-ren sorrera eta zabaltzea euskara hutsezko egunkari proiektua bultzatu zuten 24.404 akziodunen babesari esker izan dela posible; hain zuzen ere, 4.595.900 euro jarri zituzten bazkide horien guztien artean, eta eskerrik beroenak eman dizkie. Halaber, EKT talde osoko enpresetan ari den langile taldearen "ilusioa eta indarra" azpimarratu du, eta haiei ere eskerrak eman dizkie.
Ildo horretatik, datorren larunbatean, hilaren 26an, Akziodunen Ohiko Batzarra egingo dela oroitarazi du, Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean. 24.404 bazkide horiek daude gonbidatuta, eta Lizarribarrek esan du akziodun horiek oniritzia eman beharko diotela orain arte egindak bideari, eta, era berean, aurrera begira eman beharreko urratsak zehaztuko dituztela.
Gazte gehigarria udazkenean
Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariak kazeta horrek lehen urtebetean egindako ibilbide oparoa nabarmendu du lehenik eta behin; hain justu, euskarazko egunkari batek inoiz izan duen irakurle kopuru handiena (66.500 egunero) bildu duela 'Berria'-k agertu du.
Otamendik agertu duenez, egunkari horren erronka horixe izan da: kazetaritzaz gaindiko arrazoiak tarteko —'Egunkaria'-ren itxiera eta euskalgintzari egindako erasoak— euskarazko eguneroko prentsara hurbildu ziren irakurleei eustea. Horretarako, kalitatezko produktu bat eskaintzea ezinbestekoa dela adierazi du, eta, alde horretatik, 'Berria'-klehen urtean erronka hori gainditu duela iritzi dio Otamendik. Izan ere, Aztiker Soziologia Ikerguneak egindako ikerketaren arabera, 'Berria'-ren erosle eta irakurleen %93k uste dute kazeta hori kalitatezkoa dela.
Etorkizunera begira, kalitate horri eustea dela apostua nabarmendu du Otamendik, eta, halaber, potentzialki euskarazko prentsaren irakurle direnak 'Berria'-ra irakurtzea; hau da, 'Berria'-ren hedadura areagoatzea. Horretarako, irakurle gazteengana iristeak berebiziko garrantzia duela agertu du 'Berria'-ko zuzendariak, eta, ondorioz, etorkizun hurbilean erronka nagusia gazteentzako propio asmatutako gehigarri bat kaleratzea dela aurreratu du. Udazkenean plazaratuko du 'Berria'-k gazteentzako gehigarri hori.
Komunikabideak
Lehen urtea bete du 'Berria'-k
Gaur urtebete plazaratu zen lehendabiziko aldiz 'Berria' , euskarazko egunkari bakarra. Urtebeteko ibilbide horretan pauso luze eta ziurrak eman ditu: 21.000 ale inguru saltzen ditu eta 66.500 bat dira irakurleak. Gainera, papereko 'Berria'-rekin batera 'Berria.info' agerkari digital hau sortu zen, euskarazko egunkari digitalen arloan aurreraurrats nabarmen bat eginez: hain zuzen ere, etengabeko informazioa ematen duen edizio jarraitua eskaintzen du hasieratik 'Berria.info'-k. 8.000 bisita inguru izaten ditu egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu