Ingurumena

"Lehenbizi, birziklatu %80"

Hondakinak erre ordez birziklapen tasak hobetzeko eskatu diote ehunka lagunek Gipuzkoako Foru Aldundiari Donostian. Medikuak eta irakasleak ere kexatu dira Zubietan egin nahi duten errauste plantagatik.

Manifestazioaren burua, larunbat arratsaldean, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Samara Velte.
2018ko otsailaren 24a
19:53
Entzun

Indarrak birziklapenean jartzea, eta ez hondakinak zuzenean erretzea; horixe eskatu diote gaur arratsaldean ehunka lagunek Gipuzkoako Foru Aldundiari, Errausketaren Aurkako Mugimenduak Donostian antolatutako manifestazioan. Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, diputazioak Zubietako erraustegia eraikitzeko asmoa iragarri zuenetik hamasei urte igaro dira; orduan, Gipuzkoako birziklatze tasa %20koa zen. Erraustegirik nahi ez zuten herritar eta udalek, ordea, gaikako bilketa sistemak jarri zituzten martxan. «Dagoeneko jakin badakigu %80ko birziklatze tasa lortzea posible dela, horretarako bitartekoak jarri eta borondatea izanez gero. Gipuzkoako Foru Aldundiari hori eskatzen diogu: lehenbizi, lortu %80 [birziklatzea], eta gero ikusiko dugu zer egin geratzen denarekin, baina ez alderantziz».

Manifestazioaren amaieran, Osasuna eta Errausketa ikerketa taldeko sendagileek eta Garaikoetxea-Landaberriko irakasleek ere hartu dute hitza. Azken hori erraustegia eraikitzen ari diren lekutik «500 metrora» dago, salatu dutenez: «Nitrogeno oxidoak, karbono monoxidoak, metanoa, dioxinak... arnastuko ditugu. Gainera, goi tentsioko lineak eraikiko dira gure ikastetxetik hurbil. Eremu kutsatu batean dagoen ikastetxe bat onartu behar al dugu?». Mediku taldeak ere nabarmendu du erraustegiek osasun arazoak sortzen dituztela inguruko gizartean: «Malformazioak, erditze goiztiarrak, abortuak, gaixotasun kardiobaskularrak, arnasbideetakoak eta hainbat minbizi». Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiaren inguruko landaredian ere antzeman dute artsenikoaren maila igo dela, eta, Errausketaren Aurkako Mugimenduak gogora ekarri duenez, Europako Parlamentuak erabaki berri du errauste plantei diru laguntzak kentzea. «Interes politikoen gainetik» herritarren osasuna lehenesteko eskatu diete agintariei.

Epaiketa, apirilean

Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, irmo eusten dio errauste planta eraikitzeko asmoari. Areago: hura geldiarazten saiatu zen aurreko foru gobernuaren aurka auzitara jo du. Ondorioz, apirilaren 14rako epaiketara deitu dituzte Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa partzuergoko presidente ohia eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia. Manifestazioan babesa adierazi diete biei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.