hauteskundeak

"Lehendakari onena, herria"

EH Bildurekin lehendakarigai izateko aurkeztuko dela jakinarazi du Otegik, espetxetik atera baino ordu batzuk lehenago, The New York Times egunkariak hari egindako elkarrizketan.

Arnaldo Otegi, espetxetik atera berri. JON URBE, ARGAZKI PRESS
2016ko martxoaren 1a
07:25
Entzun

Arnaldo Otegik berak onartu du espetxetik atera eta berehala ulertzen duela morboa sortzen duela lehendakarigai izango den edo ez jakin nahiak. Eztabaida horren aurrean, ordea, argi hitz egin du: "Lehendakari onena, herria". Hitz horiekin 1986. urtean HBk Eusko Legebiltzarrerako bozetan erabili zuen leloa ekarri du Otegik. Orduko horretan ezker abertzaleak Juan Karlos Ioldi aurkeztu zuen lehendakarigai; Ardanza atera zen presidente.

Edozein kasutan Otegik agertu da jada asmoa Bilduren lehendakarigai izateko bere burua aurkezteko. Hala azaldu dio The New York Times egunkariari horrek argitaratu zuen elkarrizketan. "Terrorista batzuentzat, independentziarako liderra beste batzuentzat". Hitz horiekin aurkezten eta hitz horiekin hasten da Arnaldo Otegi aske gelditzeari buruz The New York Times egunkariak astelehen arratsaldean argitaratu duen artikulua. Elkarrizketa horretan berretsi du Otegik EH Bilduren barne hauteskundeetan lehendakarigai izateko aurkeztuko duela bere burua, hil honetan berean.

AEBetako kazetak idatziz bidali dizkio galderak, eta halaxe itzuli Otegik erantzunak. "Berandu baino lehenago, autodeterminazio eskubidea erabiliko dugu, eta Europako estatu berri bat bihurtuko gara", ziurtatu du Otegik.

Nabarmendu du Espainiak ez duela lagundu nahi ETA desegiten, Euskal Herriaren independentzia egitasmoak trabatzeko: "Espainiako eta Frantziako gobernuek behar dute konponbiderik gabeko eszenatoki bat. Beldur dira, behin fase hori pasatuta, hurrengo urratsa izango delako autodeterminazio eskubidea erabiltzea".

Kazetak gogoratzen du Bakearen Nobel saria jasotako hainbat pertsonak egin dutela Otegi libre uztearen alde, eta haren biografia xehatzen du, bai eta azken urteetako eta hilabeteetako gertakari politiko nagusien errepasoa egiten ere. Jon Iñarritu EH Bilduko kidearen eta Angeles Pedraza AVTko presidentearen hitzak ere jaso ditu kazetak, artikuluaren tituluan dioen hori aurketuz ondorio gisa: Itxaropena eta beldurra, euskal lider bat kartzelatik irteteko itxaronaldian.

Otegi kalean gelditzeak "alarma" sortuko du Espainian, artikuluaren egilearen esanetan, "politika nazionala paralisi sakonean eta Kataluniako eskualde handiaren erronka separatista serioa" batzen ari diren momentuan. "Madrilentzat, Espainiaren batasunarentzako beste arrisku potentzial bat da Otegi jauna [mister darabil originalean]".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.