Lehendakarigaiak

2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun

Iñigo Urkullu

EAJ

EAJko presidentetzatik Jaurlaritzakora egin nahi du urratsa Iñigo Urkulluk (Alonsotegi, Bizkaia, 1961). Apaiz izateko ikasten hasi zen, baina irakasle amaitu zuen. Gaztetandik da EAJko kide. Alderdia batzea lortu du, Egibar eta Imaz mokoka aritu ostean.

Patxi Lopez

PSE-EE

Politikari eta PSE-EEri lotuta aritu da urteetan Patxi Lopez (Portugalete, Bizkaia, 1959). Ikasketak hasi zituen unibertsitatean, baina lehen urtean bertan utzi zituen. Politikan ari da ordutik. 1975etik da PSEko kide, eta 2002tik idazkari nagusi.

Mikel Arana

Ezker Anitza

Zatiketei eta alderdi barruko ika-mikei aurre egin eta gero aurkeztuko da Mikel Arana (Ordizia, Gipuzkoa, 1975). Emaitza kaskarrak lortu zituen Ezker Batua alderdiak 2009ko bozetan, eta orduan hasi ziren eztabaidak. 1996tik ari da politikan Arana. Zuzenbidea ikasi zuen.

Laura Mintegi

EH Bildu

Letretatik eta unibertsitatetik jo du politikaren alorrera Laura Mintegik (Lizarra, Nafarroa, 1955). Historian eta Psikologian ditu ikasketak, eta EHUko irakasle da 1981etik. Euskaltzain urgazlea, idazlea eta Euskal PEN Klubeko presidentea da.

Antonio Basagoiti

PP

Bankari familia bateko kide, banku bateko lana utzita hasi zen politikan Antonio Basagoiti (Madril, 1969). Zuzenbidea ikasi zuen. Bilboko zinegotzi izan zen 1995etik 2008ra. Urte hartan, Maria San Gil ordezkatu zuen EAEko PPren buruzagitzan.

Gorka Maneiro

UPD

PSE-EEn bost urtez aritu eta gero joan zen UPD alderdi sortu berrira Gorka Maneiro (Donostia, 1975). Enpresa ikasketak ditu, eta ogibidez kontu hartzailea da. 2009an eserleku bat lortu zuen UPDrekin. Alderdiko zuzendaritzako kidea da. Aski Da taldean aritutakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.