Politika

Lehentasuna alderdien arteko elkarrizketa abiatzea dela esan dio Batasunak Ibarretxeri

Bi ordu eta erdiko bilera egin du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak Arnaldo Otegi, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko buruzagiekin. Bilera "sakona, zintzoa eta politikoki mamitsua" izan dela esan du Otegik batzarretik irtetzean. Batasunarentzat lehentasuna alderdien arteko elkarrizketa martxan jartzea dela agertu du, eta horixe dela Ibarretxeri helarazi dioten mezu nagusia. Elkarrizketa horren helburua, batetik, konponbiderako mahaia osatzeko metodologia eta oinarriak adostea dela adierazi du. Bestetik, "egiaztatze demokratikoa" gauzatzea; hau da, gatazkako alde guztiak euskal herritarrek erabakiko dutena errespetatzeko prest diren egiaztatzea.

2006ko apirilaren 19a
15:23
Entzun
"Jakin behar dugu gai izango garen akordio plural baten bidez, Euskal Herri osoko akordio baten bidez, desberdinen arteko topaketaren biedez, herri honen etorkizuneko elkarbizitza politikoa oinarri batetik abiatuta eraikitzeko: herritarrek erabakitzen dutena errespetatua izango dela", esan du Otegik. Hain zuzen ere, herritarren erabakia errespetatzeko borondate agerpena litzateke Batasunaren iduriko prozesuan behar den "egiaztatze demokratikoa".

Ertzaintzarekin kezkatuta

Bestalde, Ertzaintzaren azkenaldiko jarrerarekin kezkatuta daudela agertu diote Batasuneko buruzagiek lehendakariari. Izan ere, polizia horrek ezker abertzaleari eraso egiten diola iritzi dio Otegik, eta jarrera horrek iraganeko dinamikei erantzuten diela. "Eraso" horiek geraraztea "premiazkoa" dela esan diote Ibarretxeri, osterantzean, ezin dela "konfiantza girorik sortu" argudiatuta.

Azken batean, bileraren helburua ETAk su-etena eman ondorengo egoera aztertzea zen. Hain justu, alderdi guztiekin egin ditu bilerak Ibarretxek gai horren inguruan, PPrekin ezik, alderdi horretako buruzagiek uko egin baitiote lehendakariarekin batzartzeari. Batasunarekin egin beharrekoa atzeratu egin da Otegi espetxeratu egin zutelako.

Ibarretxek ez du gaur Batasunekoekin izandako bileraren baloraziorik egin. Ostiralean bilera txanda osoaren nondik norakoak azalduko ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.