M-11, sarraskia Madrilen

Lehergaia ez dela ohikotan ETAk erabiltzen duena aitortu arren, atentatuak erakunde horri leporatzen segitzen du Acebesek

Angel Acebes Espainiako Barne ministroak hasierako hipotesiari eusten dio, eta Madrilgo sarraskiaren egilea ETA dela esaten segitzen du. Espainiako Segurtasun Indarren ikerketen azken emaitzak jakinarazi ditu Acebesek, eta horien arabera, atzoko atentatuetan erabili zen lehergaia ez da ohiktoan ETAk erabiltzen duena, Goma-2-eco motakoa baizik. Hala ere, lehenesten duten ikerketa lerroa ETAren ingurukoa dela azpimarratu du, `modus operandi'-ari buruzko aztarnetan oinarrituta.

2004ko martxoaren 12a
19:34
Entzun
Acebesek azaldu duenez, atzo gauean lehertu gabe baino lehergaiz beteta topatu zuten kirol-zaku baten azterketa da Poliziaren ikerketaren ardatzetako bat. Lehergaia Goma-2-eco dela jakinarazi du; hots, Espainian egindakoa, eta garai bateko Goma-2aren aldagai berri bat. ETAk, berriz, titadinea erabiltzen du normalean. Acebes ministroak aitortu du lehergaia ez dela ohikotan ETAk erabiltzen duena.

Halaber, poltsa horretan aurkitutako detonagailua atzo Alcala de Henaresen atzemandako furgonetan topatutako beste zazpiak bezalakoa zela onartu du. Furgonetan horretan, Koraneko bertsoak biltzen zituen arabierazko grabazio bat zegoen, eta aurkikuntza horrek ekintzaile islamiarren susmoa indartu zuen.

Hala ere, Espainiako Segurtasun Indarren eta Gobernuaren ikerketa lerro nagusia ETAren egiletzaren ingurukoa dela nabarmendu du Acebesek. Hori justifikatzeko modus operandi -ari eutsi dio. Hain zuzen ere, Espainiako Barne ministroak esan du ETAk 2002ko Gabonzaharrean egin zuen atentatua, eta iazko Gabon gauean Madrilen eta Eguberrietan Baqueiran saiatu zituenak bat datozela egiteko moduan eta helburuetan Madrilen atzo jazo zenarekin.

Funtsean, Acebesek argudiatu du "jakina" dela ETAk hauteskundeen aurretik atentatu bat egin nahi zuela, atentatu hori handia izatea nahi zuela, eta, halaber, heriotz asko eragin nahi zituela. Madrilgo sarraskiak ezaugarri horiek betetzen dituela esanez arrazoitu du ETAren egiletza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.