Atentatua

Lehergailu bat zartarazi dute Zarauzko ertzain etxean

Ez du inor zauritu, baina kalte materialak eragin ditu, batik bat, ertzain etxearen inguruko etxeetan. Ertzaintzaren arabera, ETAk jarri du lehergailua, hiru eta bost kilo artekoa. Urien alkateak agertu duenez, bonba ez zen handia, eta, ondorioz, kaltea materialak ere ez. Mesquida Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren koordinatzaile nagusiak dio motxilla baten barruan lehergaiz betetako eltze batek osatzen zuela bonba. Udalak gaur 20:00etarako elkarretaratzea deitu du.

2007ko irailaren 25a
18:47
Entzun
01:30 aldera zartatu da Zarauzko (Gipuzkoa) ertzain etxearen kanpoaldeko murruetako baten jarrita zegoen lehergailua, Lapurdi kalean (trenbide aldera ematen du). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko iturriek agertu dutenez, ez da inor zauritu leherketan, baina metro bateko diametroko zuloa egin du eta kalte materialak eragin ditu ertzain etxean ez ezik -garajean eta aldageletan-, inguruko eraikinetan. Hain zuzen, Gipuzkoa kaleko hainbat etxetako beira, leiho eta ateak hautsi ditu eztandak. Bizilagunek agertu dute burrundara handia izan dela.

Eztandaren aurretik ez da izan inolako abisurik eta, antza denez, lehergailua ertzain etxeko eremua markatzen duen hormaren barrualdera bota dute. Ertzain etxearen segurtasun neurriak direla-eta, "egileek ezin izan dute lehergailua gertuago jarri", Javier Balzak Herrizaingo sailburuak adierazi duenez. Bizilagunak eztandaren hotsekin esnatu dira.

Herrizaingo Sailaren lehen ikerketen arabera, ETA izan da eztandaren eragilea -egiaztatuko balitz, su-etenaren hausturaren ondorengo laugarrena litzateke-, eta leherkariak hiru eta bost kilo artean zituen. Joan Mesquida Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren koordinatzaile nagusiak esan du motxilla baten barruan lehergaiz betetako eltze batek osatzen zuela bonba. Balza Zarauzko ertzain etxera joan da, eta lehergailua amonalez edo amosalez osatua egon zitekeela jakinarazi du.

Balzaren arabera, "ETAk kide legalen sarea dauka, eta atentatu larriak baina gauzatzeko errazak egin ditzake".

Jon Urien Zarauzko alkateak Euskadi Irratiari azaldu dionez, bonba ez zen handia: "Bost bat kiloko bonba izan da, suertez. Handiagoa izango balitz kalteak era handiagoak lirateke. Ertzain etxean eragin ditu kalteak eta alboko etxean kristalak-eta hautsi ditu", azaldu du.

Une hauetan, ertzain etxearen inguruak itxita dituzte eta eragindako kalteek zer nolako balioa izan dezaketen ari dira neurtzen.

Udalak gaur 20:00etarako elkarretaratzea deitu du, erasoa salatzeko. Udaletxeko plazan izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.