Atentatua

Lehergailu bat zartatu da Lapoblacionen, telebista eta telefono hedagailu batean

Ez du inor zauritu, eta kalte material txikiak eragin ditu. Lehertu ez den beste bat aurkitu du Guardia Zibilak ondoan. Nafarroako herritik 500 bat metrora dago hedagailua.

2008ko apirilaren 12a
18:56
Entzun
Lapoblaciongo (Estellerria, Nafarroa) telefono eta telebista hedagailu batean lehergailu batek eztanda egin du, goizeko hamaikak inguruan. Ez du inor zauritu, eta hedagailuan ez du ia kalterik eragin.

Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak agertu duenez, han inguruan zebilen mendizale bat jabetu da gertatutakoaz, eztandaren zarata entzun eta kea ikusi ondoren. Hurbildu denean, euskaraz Ez ukitu eta gazteleraz Peligro, bomba. ETA (Arriskua, lehergailua. ETA) jartzen zuten bi pankarta ikusi ditu, eta Guardia Zibilari eman dio abisua.

Guardia Zibileko artezilariak joan dira eztanda izan den lekura, eta lehertu den bonba txikia zela ikusteaz gain, zartatu ez den beste bat aurkitu dute. Hedagailuaren sarreran, zoruan, zulo bat egin du lehergailuak, baina zerbitzuari ez dio eragin. Nafarroako Gobernuak, PSNk eta CDNk ETAri egotzi diote atentatua, eta irmo gaitzetsi dute.

Arabako mugatik hurbil dago Lapoblacion, eta herritik 500 bat metrora hedagailua. Suhiltzaileei, RNE Espainiako irrati publikoari, ETB2ri eta Vasco-Navarra autopista enpresari ematen die zerbitzua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.