Erresuma Batuko Poliziak auto baten barruan zen lehergailu bat indargabetu du gaur goizean. Hiriaren erdialdean zegoen, Piccadilly Circus metro geltokiaren parean. Auto susmagarri bat zegoelakoan telefono deia jaso dute bart poliziek, eta orduan hasi dute operazioa.
Polizien arabera, lehergailua "ikaragarria" zen, kalte handiak sortzeko modukoa. Besteak beste, 200 litro erregai eta gas bonbonak zituela esan dute. Bonba ipini dutenek telefono mugikor bidez eztandarazteko asmoa zutela jakinarazi dute poliziek.
Bonba "terroristek" jarri ote duten ikertzen ari da Polizia. Gobernuaren ministro batzuek eta zerbitzu sekretuetako kideek osatutako batzordeak bilera egingo du gaur. Lehen neurri gisa, goizean metroa Piccadilly Circusen ez gelditzea erabaki dute.
Des Browne Defentsa ministroak esan du "gertaera serioa" dela lehergailua topatu izana. Jack Straw Justizia ministroak "oso triste" dagoela adierazi du. Hain justu, Gordon Brown lehen ministroak herenegun hartu zuen kargua, Tony Blairren partez.
Erresuma Batua
Lehergailu "ikaragarri" bat indargabetu dute Londresen
Hiriaren erdian zegoen, auto baten barruan. Zeinek jarri duen ikertzen ari da Polizia. Bonba ipini dutenek telefono mugikor bidez eztandarazteko asmoa zutela diote poliziek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu