Bonbaz eraso diete bart gauean Jaurlaritzako Lan Osasunerako Institutuak (Osalan) Donostian duen egoitzari eta Espainiako Lan Ministerioak Arrigorriagan (Bizkaia) duenari.
Gaueko hamaikak eta hogei aldera ETAren izenean ari zela esan duen norbaitek deitu du Bizkaiko DYAra, eta Osalanen Donostiako egoitzan "bi lehergailu indartsu" zartatuko zirela ohartarazi du.Handik ordubetera gertatu da eztanda. Ertzaintzak agertu duenez, Osalanen egoitzaren atzeko aldean hiru kilo amonalez osatutako bi lehergailu zeuden jarrita, eta bietako bat ez da guztiz zartatu. Hasiera batean ia ez dute kalterik antzeman Osalanen egoitzan, baina sakonago aztertzean, tetxuak-eta hondatuta zeudela jabetu dira.
Arrigorriagan, berriz, gauerdian zartatu da lehergailua, Martiartu poligonoan, Lan Ministerioaren egoitzan. Inork ez du atentatu horren abisurik eman. Ertzaintzaren arabera, bost kilo amonalez osatuta zegoen bonba, eta kalte materialak dezentekoak dira. Egoitzanez ezik, inguruan aparkatutako ibilgailuetan eragin ditu kalteak leherketak.
Erreakzioak
ETAren atentatu horiek gaitzespen zabala jaso dute. EAJko diputatu Emilio Olabarriak, esaterako, gogor gaitzetsi ditu, eta egoera konpontzeko "politika letra larriz" egiteko garaia dela iritzi dio, "akzio-errepresio" dinamikak hondamendia dakarrela uste baitu.
EBk, berriz, atentatuak gaitzesteaz gain ETAk Maiatzaren Lehenean esku hartu duela nabarmendu du eta ez duela horretarako zilegitasunak esan dio. Ildo beretik,erasoak arbuiatu ditu Aralarrek eta langileenganako "errespeturik gabe" jokatu duela uste du. PPk, berriz, ETA "fronte guztietan borrokatzeko eta jazartzeko" deia egin du.
Maiatzaren Lehena izanik, alderdiak ez ezik sindikatuak ere mintzatu dira ETAren aurka.Hala, langileek ez dutela bonbarik behar ohartarazi dio CCOOK; gogoeta egiteko indarkeria uzteko eskatu dio UGTk, eta Euskal Herriaren eskubideak lortzeko bidean ETA oztopo dela iritzi dio ELAk.
Atentatua
Lehergailuak zartarazi ditu ETAk Osalanen eta Espainiako Lan Ministerioaren egoitzetan
Donostian egin du Osalanen kontrako atentatua eta Arrigorriagan (Bizkaia) Lan Ministerioaren aurkakoa. Inor ez dute zauritu, baina kalte materialak eragin dituzte. Ertzaintzaren arabera, Donostian hiru kilo amonalez osatutako bi bonba lehertarazi dituzte, eta Arrigorriagan bost kilo amonalez osatutako bat. Gaitzespen zabala jasoa dute erasoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu