Lehergailuen aro berria Iparraldean

Azken hiru hilabeteetan hamasei atentatu edo atentatu ahalegin gertatu dira Ipar Euskal Herrian, etxe saltze agentzien eta bigarren etxebizitzen aurka bereziki. Erakunde anonimoen ekintzak dira.

ENEKO BIDEGAIN
2007ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Indar handiko lehergailu bat indargabetu zuten atzo goizean, Donapaleun (Baxenabrre). Zortzi kiloko gas botila Credit Agricole bankuaren egoitzaren aitzinean ezarria zuten. Zehazkiago, banku horrek aurtengo urtarrilean ireki zuen Square Habitat etxe saltze agentziaren egoitzaren aitzinean. Polizia iturrien arabera, bonba arazo tekniko bategatik ez zen lehertu. Lehertu balitz, kalte material handiak eraginen zituen.

Azkenaldian anitz ugaritu dira gisa horretako atentatuak edo atentatu ahaleginak, Ipar Euskal Herrian. Urtea hasi denetik, hamaseigarrena zen atzokoa. Martxo arte ez zen ekintzarik izan, baina martxotik hona, ia asterokoa da ekintza horien erritmoa. Hainbat aldiz, gau berean hiru ekintza edo ekintza ahalegin egin dituzte Lapurdin. Hori horrela izan zen ekainaren 16an Hazparnen; maiatzaren 8an Kanbon, Basusarrin eta Urruñan; apirilaren 18an, Getarian, Donibane Lohizunen eta Ziburun; eta apirilaren 11n, Bokalen, Miarritzen eta Baionan.

Aitzineko hiru urteetan ere gertatu ziren erasoak edo atentatu ahaleginak. Ez aurten bezainbat, ordea. 2006an bederatzi izan ziren, 2005ean lau, 2004an sei eta 2003an bakarra. Ipar Euskal Herrian mugimendu armatu bat egituratzen ari dela edo egituratu dela erakustera ematen duten ekintzak dira.

Ekintza gehienek ez dute kalte material handirik eragin, orain arte. Indar txikiko lehergailuak edo molotov koktelak erabili izan dituzte, maiz lehertu ez direnak. Baina azkenaldian indar gehiagoko zartagailuak ezarri dituzte. Joan den igande goizaldean lehergailu batek kalte material handiak eragin zituen Hiriburuko Orpi etxe saltze agentzian. Maiatzean ere kalte material franko eragin zuten hiru ekintza gertatu ziren Lapurdin.



TALDE EZEZAGUNAK. Oraindik ez da zehaztu, ordea, ekintza horiek guztiek elkarrekin loturarik baduten edo ez. Eta zein diren elkarrekin lotura duten ekintzak. Ekintzak egiteko eta erreibindikatzeko moduak desberdinak izan dira. 2006tik hona gertatu ekintza guztiak (salbu azken asteetakoak) agiri baten bidez hartu dituzte beren gain. Baina ez beti talde berek. Ekintza gehienak beren gain hartu dituztenek ez dute agiria izenpetu. Herriak bizi behar du! eta Euskal Herrira ez da salgai! gisako leloekin bukatu izan dituzte agiriak. Agiriek ez dute IKren edo ETArenen antzik, ez luzetasunaren aldetik, ez edukiaren aldetik.

2006ko eta 2007ko beste sei ekintza, ordea, Irrintzi izeneko talde batek hartu ditu bere gain. Inkesta egileek Irrintzi taldearen eta talde anonimoen arteko ekintza egiteko moduak desberdinak direla erran izan dute. Irrintzik hiru lehergailu ezarri zituen apirilean, horietatik bat PSren egoitzaren aitzinean, Baionan. Ez ziren lehertu. Irrintzi taldeak horiek bere gain hartu zituenea, aste baten buruan, etxe saltze agentzien kontrako hiru atentatu izan ziren. Bonba haiek lehertu ziren. Inkesta egileek erran zuten ez zutela zerikusirik aste bat lehenago gertatuekin.

Azkenaldiko atentatu gehienek etxegintzaren gaia hunkitzen dute. Atentatu gehienak etxe saltze agentzien aurkakoak dira. Beste batzuk bigarren etxebizitzen aurkakoak. Etxeen prezioaren arazoa gordina da Lapurdin, baina arazoa hedatzen hasi da Barnealdera ere.

Duela hamabost bat urte ere etxebizitzen prezioen gorakada handiak protesta anitz eragin zuen. Garai hartan Iparretarrak-ek atentatu anitz egin zuen sektore horretan. Baina erakunde honek ez ditu bere gain hartu azken hiru urteetan izandako ekintzak. Badu ia hamar urte ez duela ekintzarik egin, eta isilik dagoela. Horrek ere pentsatzera eman dezake, azken ekintza horiek guztiek ez dutela loturarik Iparretarrak-ekin. Borroka armatuaren aro berri baten hasiera ote da? Erritmo bizian abiatu da, haatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.