inauteriak

Lehertu da festa Tolosan

12:00etan bota dute Tolosan txupinazoa, eta hala hasi dira inauteriak. Bideoa: Ander Gartzia. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2053/[/berriatb]

Berria.info
2014ko otsailaren 27a
09:22
Entzun

Festa lehertu da gaur eguerdian Tolosan (Gipuzkoa). Kabi alai elkarteak sanferminen parodia egin du txupinazoan, eta arrantzale batzuek Nafarroako bandera handi bat jarri dute Tolosako udaletxearen aurrean, elkartearen 80. urteurrena ospatzeko. Aurten gonbidatu berezi bat dutela esanez hasi dute txupinazoa. "Aberrikideen lehendakaria; Yolanda Barcinilla". Barcinaren azalean, gazteleraz hitz egiten zuen aktoreak hartu du hitza orduan. Nafarroako bandera jarri dute bat-batean, eta Barcinarena egiten zuen aktoreak urduri, txupinazoa bertan behera uzteko eskatu du. Udaltzainei ere deitu die.

"Tolosan gaude Barcina, nahastu egin zara. Inauteriak ez dira ezerrengatik edo inorengatik gelditzen", erantzun dio txupineroak. 'Gora inauteriak, gora Euskal Herria, gora Tolosa", esanez bota dute txupina udaletxeko balkoitik.

Ostegun gizeneko zerria, zinegotziak, kazetariak eta Ibai Iriarte Tolosako alkatea zeuden balkoian. Inauterien gakoa herritarren parte hartzea dela adierazi du Iriartek. "Herritarrek egiten dituzte inauteriak. Tolosarrek oso barneratuta daukaten festa da, eta eurena da hain ongi ateratzearen ardura". Aurten zezen plazako sarreren prezioa euro bat igo dela esan du. Sarreretatik bildutako dirua Oier Ibarguren haurrari emango diote. Sanfilippo gaitza dauka Ibargurenek. Udalak ere jarriko du dirua, sarreretatik eskuratzen den kantitate berdina, hain zuzen ere.

Txupinazoaren aurretik, Juan Ortega eta Josetxo Giui inauterizale kuttun izendatu dituzte. Koinatuak dira, eta 37 urte daramatzate inauterietan karroza bereziak ateratzen.Oso eskertuta azaldu dira biak.

Kalean jendea jai giroan dabil, ostegun gizeneko konpartsaren inguruan eta txarangen musikarekin dantzan. Euria ari du tarteka, baina eguraldi txarrari desafioa egin diete bertakoek eta kanpokoek. Txistorra pintxoak jan dituzte eguerdian, eta arratsaldean, zezen plazara joatea da gehienen plana. "Urte guztia egun hauen zain pasatzen dugu", dio Luis Angel Etxebarria ostegun gizeneko konpartsako kideak. Karrozak eta konpartsak igandean, astelehenean eta asteartean irtengo dira, 11:00etan, eta mozorroen festa eta irudimenaren erakusleiho aparta bilakatuko da, ohi legez. Aurten, guztira, 150 karroza eta konpartsa izango dira, iaz baino gehiago. Aurten ere, lehiaketako epaimahaiak euskara eta berdintasun irizpideak kontuan izango ditu. Halaber, aurten sei aisialdi taldetako 1.300 neska-mutil irtengo dira kalera astelehen goizean.

BERRIA, Tolosaldeko Ataria eta Tolosako Udalak zuzenean eman dute txupinazoa eta festa hasiera euren webguneetan, elkarlanean, BerriaTBren bitartez. Saioa, gainera, Ataria irratian ere entzungai da. Txupinazoa eta haren ondorena, beraz, ikusteko aukera du  izan bertara joan ezin denak. Ataria-k prestatu du saio berezia, eta udaletxetik bertatik ari dira. Txupinazoaren aurretik eta ondoren, Tolosako zein inauterietako protagonista nagusiei elkarrizketak egin dituzte, tartean Ibai Iriarte alkatea, eta inauteriei buruz aurrez prestatutako erreportajeak eta elkarrizketak eskaini dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.