Txupinazoa

Lehertu da festa

Aparteko arazorik gabe hasi dira sanferminak. 204 orduz festagune izango da Iruñea. Askotariko jarduerak izango dira hiriko hainbat txokotan. Bideoa: suziria bota duten unea (BerriaTB-Euskalerria irratia). [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2143/[/berriatb]

Maite Alustiza.
2014ko uztailaren 6a
14:29
Entzun

Hasi dira sanferminak. Urte osoan gordeta edukitako zapi gorria lepoan jarri dute iruindarrek. 12:00etan jaurti du txupinazoa Mikel Martinez Gurutze Gorriko kideak. Iaz ez bezala, aurten ez da atzerapenik izan, ezta aparteko arazorik ere.


Ikurrinak eta Nafarroako banderak ateratzeko deia egina zegoen 10:30erako, baina goizean gutxi batzuk ikusi dira. Txupinazorako minutu gutxiren faltan, bi ikurrin erraldoi sartu dira, baita beste hainbat ere. Nafarroako banderak ere ikusi dira, euskal presoen aldekoekin batera.


Goizetik bildu da jendea Udaletxe plazan, eta 12:00etarako ordubete falta zenean beteta zegoen jada; tartean, baziren arrantzale bizardun jantzitakoak ere. Urtero bezala, gosaritarako plana egin dute askok goizetik; hamaiketakoaren bueltan ere lagun ugari elkartu ohi dira.


Eguraldiari dagokionez, tarteka euria egin du. Urko Aristik goizean aurreratu zuenez, egun osorako euria espero zen. Txupinazoaren ondotik, ordea, ostarteak agertu dira. Hurrengo egunetan, berriz, ateri egongo da, aurreikuspenen arabera.


Zuzeneko testigantzak

BERRIAk eta Euskalerria irratiak elkarlanean egindako saioan, hainbat lagun aritu dira sanferminen inguruan hizketan. Kike Diez de Ultzurrun Euskalerria irratiko kidearentzat, esaterako, giroa "sekulakoa" izaten da, eta esan du gehienbat egun argiz ibiltzen direla.


Aritz Ibañez Duguna dantza taldeko kidearen ustez, berriz, "ez dago sanfermin bakar bat". Eskaintza zabalari esker "sanfermin ederrak egiteko aukera" dagoela uste du. Uxue Barkos Geroa Baiko kideak nabarmendu duenez, "sanferminak beti izan dira denontzako jaiak". Aritz Romeo Aralarreko kideak "munduko festarik onenak" izendatu ditu.

Saioan parte hartu Xabi Maeztu Katakrak-eko sukaldariak ere. Hark ohitura izaten den gosaritarako menuaren berri eman du: "Ajoarrieroa, urdaiazpikoa tomatearekin, patatak eta arrautzak".


Mikel Martinezekin ere izan dira, txupinazoa bota aurretik eta ondoren. "Urduri" zegoen hasieran, baina jaia lehertu ondoren, "azaldu ezin den esperientzia" izan dela azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.