Arratsaldeko seiak jotzearekin batera hasi da Zeledon irudikatzen duen panpina Gasteizko San Migel elizako kanpandorretik Andre Mari Zuriaren plazara jaisten. Ordurako, milaka lagun zeuden plazan batuta, jaiak hasteko desiratzen, eta gogotsu egin diote ongietorria: puruak piztuz, kantuan eta dantzan.
'Hegaldia' amaitu duenean Gorka Ortiz de Urbina hezur-haragizko Zeledonek hartu du panpinaren lekukoa, eta aterkia eta purua eskutan zeharkatu du Andre Mari Zuriaren plaza, jendearen dantza eta kantuen artean.
Txupinazoa, berriz, Las Cuatro Torres adinekoen elkarteko kideek bota dute.
Datozen egunetan festa izango da nagusi Gasteizen. Gustu guztietarako ekitaldiak izango dira goizean goiz hasita. Musika garrantzitsua izango da jaietan, eta erritmo eta kolore askotakoak izango dira. Ruper Ordorika izango da gaur Foruen Plazako agertokian lehena, eta haren atzetik etorriko dira Chenoa, La Quinta Estacion, Rosendo, Barricada eta Ken Zazpi. Txosnetan, berriz, unibertsitate eremuan, Hesian taldearekin hasi eta Ortophonk, S.A eta Sorkun izango dira, besteak beste, hurrengo egunetan. Aihotz plazan, Esne Beltza, Mikel Urdangarin eta Txuma Murugarren ariko dira kantari. Orkestrak ez dira faltako Plaza Berrian eta Arka plazan.
Musikarekin batera, kalea girotzeko hamaika ekitaldi izango dira. Umore txokoa, kale antzerkia, bertso saioak eta azoka arabiarra izango dira aurten ere. Pilota partidek, gaueroko su ikuskizunek eta zezenketek ere jendetza bilduko dute.
Neska Txikiren panpina jaitsiko dute lehen aldiz
Baina aurten umeak dira protagonista nagusi. Zeledon Txikik hogeita bost urte beteko ditu, eta harekin batera, Neska Txiki ere agertuko da haurren artera. Ane Amor eta Beñat Valle arduratuko dira aurten txikienei festa eramateaz. Blusa txikien ospakizuna borobiltzeko, ostegunean, abentura lekua ere prest izango dute Prado parkean. Buruhandi eta erraldoiek lagunduta egingo dute ohiko ibilbidea.
Ostiralean blusa beteranoek hartuko dituzte kaleak. Sukaldaritza lehiaketan parte hartu, meneito ezagunean dantzatu eta elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute. Zeledonen igoerak esango die agur jaiei larunbat gauean.
Andre Mari Zuriaren Jaiak
Lehertu da jai giroa Gasteizen
Zeledonen jaitsierarekin hasi dira ohi bezala Andre Mari Zuriaren jaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu