"Autobus zerbitzuaren kostu altuegiak, autobus bat baino gehiago hartzerakoan berriro ordaindu behar izatea eta erabiltzaileak arriskuan jartzen dituen masifikazioa" salatzeko, protestak egiten ari dira azkeneko asteetan Leioako campuseko ikasleak. Martxoan bideak itxi zituzten. Aste honetan, berriz, Bizkaibuseko ikasleen batzarrak garraio publikoaren aldeko desobedientzia kanpaina jarri du martxan. Autobusean ordaindu gabe ibiltzera deitu dituzte erabiltzaileak.
Astelehenean, Bizkaibusek autobusetako gidariei unibertsitatetik ez irteteko eta bertara ez sartzeko agindu zien, campusetik kanpo dagoen biribilgune batean geltoki bat inprobisatuz. Ikasleak autobusetan zirela, ertzainak agertu ziren, eta bi aukera eman zizkieten: autobusetik jaistea edo identifikatzea. Ikasleek autobusetatik jaistea erabaki zuten. Asteartean, protesta errepikatzerakoan, Ertzaintza agertu zen, baina ez zen aparteko ezer gertatu.
Gaur autobus bat okupatu du Bizkaibuseko ikasleen batzarrak, eta ertzaintza agertu da berriz ere. Ondoren, batzar horretako ikasle batzuk EHUko errektore Iñaki Goirizelaiarekin bildu dira. Errektoreak esan die gatazka ez dela bere eskumenekoa, baina kexa Bizkaiko Foru Aldundira bideratuko duela. Lehendik ere, Bizkaiko Diputaziora helarazi ditu bere eskaerak Bizkaibuseko ikasleen batzarrak, baina ez du erantzunik jaso.
Twitterren #BizkaibusEzOrdaindu traolaren bidez jarrai daiteke ikasleen protesta.