Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratze jendetsuak egin ditu gaur arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Leire Rodriguezen hilketa arbuiatzeko. Indarkeria matxistaren ondorioz aurten Euskal Herrian hildako bigarren emakumea da. Halere, tratu txarrak ez ezik, udan zehar izandako sexu erasoak ere salatu dituzte protestetan.
Ostegunean, Bilboko eta Arrigorriagako udalek deituta egin zuten elkarretaratzea. Han izan ziren hainbat ordezkari; tartean, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea.
Erabat argitu gabe dago, oraindik, Bilboko Abusu auzoan abuztuaren 8an auto batek harrapatuta hildako emakumearen kasuak. Haren senar ohiak oso larri segitzen du Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaian), asteartean bere buruaz beste egiten saiatu ondoren. Hilketarekin zerikusia izan dezakeelakoan herenegun atxilotutako gizona epailearen aurrean deklaratzen ari da. Era berean, biktimaren etxea miatzen jardun da Ertzaintza egun osoan zehar, bertan Rodriguezek erasorik jasan ote zuen argitu nahian. Izan ere, ikertzaileek ez dute argi auto batek harrapatuta ala lehenago eraso eginda hil zuten emakumea.