Nafarroako Auzitegian 10:00etan hasi da epaiketa. Aitortzagatik aringarria ezarrita, 13,5 urteko espetxe zigorra eta lanerako inhabilitazio erabatekoa onartu du ertzainak. Hala ere, epaiketa egingo dute erantzukizun zibila argitzeko.
Fiskalak hogei urteko espetxe zigorra eskatu du, hilketa delitu bat egitea egotzita. Gainera, bi akusazio partikular daude: biktimaren bikotekideak hemezortzi urteko zigorra eskatu du, eta hildakoaren guraso eta bi anai-arrebek, 25 urtekoa. Defentsak, ordea, gertatutakoa arduragabekeria larriz eginiko homizidiotzat jo du, eta zenbait elementu salbuesle gisa hartzeko eskatu; esaterako, aztoramendu psikikoa, beldur gaindiezina eta bidezko defentsa.
Horrez gain, prozeduran daude Zurich aseguru etxea erantzule zibil zuzen gisa —Jaurlaritzak harekin du kontratatua asegurua Ertzaintzak armak darabiltzanean izan daitezkeen ardurak estaltzeko— eta Jaurlaritza bera erantzule zibil subsidiario gisa.
2015eko ekainean izan zen hilketa. Ertzaina Tolosarako (Gipuzkoa) bidean zen, hango polizia etxean egiten baitzuen lan. Autotik jaitsi, eta tiro egin zion kamioi gidariari, ikerketako iturrien arabera. Buruan jo zuen gizona. Granadako (Espainia) garraio enpresa bateko langilea zen hildako gizona, eta 39 urte zituen.