AZPIEGITURAK

Leitzarango lezioak

Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen A-15 autobiaren hamargarren urteurrena ospatu dute bi administrazioetako ordezkariek

jakes goikoetxea
BERASTEGI
2005eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Diputazioko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek lezio bat baino gehiago ikasi dituzte Irurtzun (Nafarroa) eta Andoain (Gipuzkoa) lotzen dituen A-15 autobiaren eraikuntzan. Nafarroa eta Gipuzkoa lotzen dituen errepidearen sorrera eta eraikuntza prozesu luze eta gatazkatsuan. Hala adierazi zuten atzo autobia zabaldu zen egunaren hamargarren urteurrenean, Berastegiko (Gipuzkoa) begiralekuan.

Ikasitako eta irakatsitako lezio bat azpimarratu zuten administrazioetako ordezkari guztiek. A-15ak bete eta gainditu egin dituela proiektuak hasieran zituen aurreikuspen eta helburuak: jendea eta merkantzia Nafarroatik Gipuzkoara eta Gipuzkoatik Nafarroara azkar eta seguru joan ahal izatea.Guztiek izan zituzten gogoan autobiaren eraikuntzarekin lotura izateagatik ETAk hil zituen lau lagunak. Baita zauritu edo mehatxatu zituenak (obra egin behar zuen UTE-LAN kontsortzioak atzera egin zuen lanak hasi aurretik). Minutu bateko isilunea egin zuten atzo ETAk hildakoen omenez.

Gogoan izan zituzten, baina ez zituzten zuzenean aipatu, autobiaren kontrako mugimendu zabala (Autobiaren Aurkako Koordinakundea, Lurraldea), aldeko eta kontrako manifestazioak, ibilbide alternatiboen aurkezpena, EAJren eta Lurraldearen arteko akordioa, Muga alternatiba, behin betiko onarpena...

«Hamar urte nahikoa dira bakoitza bere lekuan jartzeko», esan zuen Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak. Atzera begiratuta, jarrerak eta gertaerak erlatibizatu beharra da berak ateratako ondorio nagusietakoa. «Bai proiektu bakarra eta politika bakarra dagoela defendatzen duenarena, bai berak nahi duena egiten ez bada mundua hondoratu egingo dela uste duenarena».

Autobiaren kontra aritu zirenak gogoan, gaur egungo hainbat «erronken» eta azpiegituren (Euskal Y-a, Pasaiako kanpo portua, errauste plantak...) aurka daudenei zuzendu zitzaien Txabarri. «Gure gizartean baditugu zenbait herritar lana edo aberastasuna sortzeko edozein obra edo ekintza berritzaile mahai gainean jarri eta kontra hasten direnak, ezer jakin gabe eta lehen minututik». Kontra dauden horiei beren baitan «gotortzea» leporatu zien. Herritarrei, berriz, gogoeta egiteko gonbita egin zien

Miranda: «Natura hondatu gabe gizakiari mesede»

Alvaro Miranda Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak autobiak ingurumenaren errespetuan eman duen lezioa azpimarratu zuen: «Nola egin mesede gizakiari natura hondatu gabe. Izan ere, naturak gure obra hartu eta bildu egin du bere jakituriarekin».

Autobiari esker zenbait herritako populazioaren gainbehera geratu dela esan zuen. Zenbait herriri «garapenarekin» bat egitea ahalbidetu diela eta bizimodu tradizionala mantendu nahi izan dutenek ere mantendu dutela. «Obra hauek gizakia ez dute bultzatu garapenaren amildegira. Obra hauek eman egiten diote hartu nahi duenari eta bakean uzten dituzte lasai bizi nahi dutenak». Mirandak aipatutako obren artean dago abiadura handiko trena, «merkantzien garraioaren arazoa konpontzeko». Euskal Y-ak eta Nafarroako AHTren korridoreak bat egitea «ezinbestekoa» dela esan zuen.Jesus Albero Nafarroako Gobernuko Errepide eta Eraikuntza zuzendariak parte hartu zuen A-15 autobia zabaltzeko ekitaldian, duela hamar urte. Une historikoa zela esan zuen orduan eta berretsi egin zuen atzo.Hiru «anekdota» ekarri zituen gogora, «gaur egungo egoeraren adierazgarri»: egunez jarritako egur eta seinaleak desagertu egiten zirela gauean; autobiaren kontrakoek iltzez betetzen zituztela langileek moztu beharreko zuhaitzak, motozerrak puskatzeko; eta Uitziko kanpaldian parte hartu zuten proiektuaren kontrakoak beren buruak makinetan kateatzen zituztela «estasi eta eldarnio momentuetan». Luis de los Mozos Gipuzkoako Diputazioko Errepide zuzendariordeak, proiektuaren xehetasunak emateaz gain, gogoan izan zituen lurjausi baten ondorioz hildako senar-emazteak. Lurrak autobiaren inguruan zuten baserria hartu eta hil ziren.Duela hamar urteko inaugurazio ekitaldiko argazkiei begiratuz gero, lau politikarik moztu zuten errepidea ibilgailuei irekitzeko zinta (bezperan jendea oinez eta bizikletan ibili zen errepidean): Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Juan Cruz Alli Nafarroakoak, Eli Galdos Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Roman Sudupe Gipuzkoako Errepide diputatuak. Galdos eta Sudupe atzoko ekitaldian izan ziren. Galdosek atzoko ekitaldian eman zuten autobiari buruzko bideoan hitz egin zuen: «Autobia beharrezkoa zen batzuek eta besteek hobeto elkar ezagutzeko».Atzoko ekitaldian ez zuen parte hartu prozesu ia osoa bizitu zuen Imanol Murua Gipuzkoako diputatu nagusiak. Bideoan agertu zen. «Ametsa zen», esan zuen autobiari buruz.

-

ERABILTZAILEAK



 

Sanferminetara, hondartzara, frontoira...





Atzoko ekitaldia euritik babestu zuen karpan politikariek hitz egiten zuten bitartean, etengabea zen ibilgailuen soinua autobian. Erabiltzaileetako batzuek hitz egin zuten ekitaldirako prestatutako bideoan.

«Batzuetan pentsatzen nuen ez zela sekula egingo», zihoen Iñaki Perurena harri-jasotzaileak. «Azpirozko bihurguneetan zorabiatu egiten nintzen eta botaka egiten nuen», Iruñeko gizon batek. Autobia Gipuzkoako hondartzetara joateko erabiltzen duela emakume batek. Zarauzko gizon batek, berriz, Iruñeko Labrit frontoian pilota partiduak ikustera joateko.Roncalesako gidari bat pozik ageri da. «Lehen bidaiariak hilda iristen ziren sanferminetara». Maribi Ferrer Donostiako Kontxako kioskoko saltzailearen esanetan, bat-batean konturatu zen nafar gehiago zituela inguruan. «Autobiagatik izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.