Ezbeharra

Leizean harrapatuta zegoen espeleologoa atera dute, onik

Larunbatean zauritu zen Anette Van Houtte belgikarra Izabako (Nafarroa) leizezulo batean, eta 600 metro inguruko sakoneran izan da denbora luzez. 05:30 aldera lortu dute ateratzea, salbamendu lan luze eta zailen ondoren. Paueko Ospitalera eraman dute sendatzera.

2007ko abuztuaren 8a
10:56
Entzun
Guardia Zibileko salbamendu taldeetako eta Frantziako Babes Zibileko kideek goizeko bost eta erdietan lortu dute Anette Van Houtte leizetik ateratzea, igandeaz geroztik ehun bat lagun etengabeko ahaleginean aritu ondoren.

Beste espeleologo batzuekin batera Izabako leize batean zebilen larunbatean Van Houtte, San Martingo Harriaren ondoan. Halako batean, harri bat askatu zen hormatik eta oinean jo zuen 49 urteko espeleologo belgikarra. Hiru behatz hautsi zizkion kolpeak eta zauri ireki bat egin. Ondorioz, ezin ibilita eta aurrera egin ezinda geratu zen Van Houtte. 600/700 metroko sakoneran zegoen, leizezuloaren sarreratik 4,5 kilometro ingurura.

Van Houtteren kideek igandeko 18:20 aldera eman zieten ezbeharraren berri larrialdi zerbitzuei, eta berehala hasi zituzten salbamendu lanak. Nafarroako Larrialdi Agentziako kideek, Guardia Zibileko mendi taldeetakoek eta Baionako suprefekturako espeleologia salbamenduetako kideek parte hartu dute erreskatea, guztira 80 lagunetik gora.

Astelehenean mediku batek eta osasun zerbitzuetako hiru kidek zauritua zegoen lekura iristea lortu zuten, eta lehen laguntza eman zietenzaurituari eta harekin geratu ziren bi lagunei.

Salbamendu lanek luze iraun dute, espeleologoa ezinbestean ohatilan atera behar izan dutelako, eta zegoen lekura iristea, tresnak eramatea, eta mugitzea oso zaila zelako.

Esan bezala, goizeko bost eta erdietan atera dute Van Houtte. Salbamendu taldeetako kideen arabera, onik dago, eta oineko zauri hori da arazo bakarra. Helikopteroan Paueko Ospitalera (Frantzia) eraman dute sendatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.