Pixkanaka geroz eta gehiago dira ekainaren 8rako Gure Esku Dago mugimenduak antolatu duen giza katearekin bat egiten ari diren herriak. Atzo Lekeition burutu zuten ekitaldia, eta hainbat herritarrek atxikimendua adierazi zioten erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenari.
Manifestua sinatzeaz gain, agurra dantzatu eta ekainaren 8an giza katean parte hartzera deitu zuten herritarrek. Herrian erreferente diren hainbat kirolari, langile, politikari eta abarrek izenpetu dute agiria lehenik, eta horien ostean gainerako herritarrek egin zuten.
Hilaren 29an Bilbon aurkeztuko dute giza katea, 17:30ean La Casillan. Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 8an Iruñea eta Durango lotu nahi ditu erabakitzeko eskubidearen alde. Zatiak herrika banatu dituzte, eta lekeitiarrei 12. kilometroan egotea egokitu zaie; gutxienez 400 lagun behar dituzte horretarako.
Bideoa: Gure Esku Dago ekimena (Ander Gartzia, BerriaTB).
[Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2060/[/Berriatb]