«Leku bat baldin badaukagu, hizkuntzak emana da»

Koldo Izagirrek euskara politikan sartu eta indar politiko bihurtu behar dela aldarrikatu du Martin Ugalde ForoanElebitasun ofiziala hizkuntza bat bestearen menpe jartzeko tresna dela uste du

Koldo Izagirre, atzo, Martin Ugalde Foroan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Andoain
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Beste mundu bat posible dela esan izan dugu, bada esan dezagun ez posible, baizik eta beharrezkoa dela beste mundu bat». Euskarak eta euskaldunek «aurrerapauso bat» eman behar dutela uste du Koldo Izagirre idazleak, «eragin politiko zuzena» izateko.«Badakit hizkuntzak ez digula ematen programa politiko bat. Baina ezin gintezke esperoan egon: froga franko dauzkagu harresi baten barruan gauzkatela jakiteko. Profita dezagun horixe bera euskara indar politikoa bihurtzeko. Euskara despolitizatu behar dela hainbeste entzuten dugun uneon, euskarak politikan sartu behar du, bera, bere buruz, bere gain, ez bestek eramana».

Autopsiarako frogak liburura ekarri dituen testu, gertaera eta iritzietatik abiatuta, Izagirrek hitzaldia eman zuen, atzo iluntzean, Martin Ugalde Foroan, Andoainen (Gipuzkoa). Euskal kultura eta gizarteko pertsona ezagunak izan zituen entzuleen artean: Joan Mari Irigoien eta Miel Anjel Elustondo idazleak, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatea, Aitzpea Leizaola antropologia irakaslea, Jose Mar Sors Elkar-eko gerentea, Xabier Isasi soziologoa eta Joanmari Larrarte Berria taldeko kontseilari ordezkaria, besteak beste. Juan Luis Zabala idazle eta BERRIAko kazetariak egin zion aurkezpena

Euskara despolitizatu egin behar dela diotenen hitzak ekarri zituen gogora Izagirrek, euskara zer nola tratatzen duten ulertzeko. Patxi Lopezena, indarkeriaren amaierak behin betiko euskara askatasunarekin lotuko duela esan zuenekoa. Eta baita Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailearenak: «'Terrorismoak guztia baldintzatu du euskal gizartean urte luzetan, eta, jakina, baita hizkuntza ere'. Baita hizkuntza ere... Hizkuntza? Baina ez al gara ba gizarte elebidunean bizi? A, ez! Bestea ez du kutsatu ahal izan terrorismoak. Gaztelania ez-baldintzagarria da, ez-kutsagarria, ez-manipulagarria... Gaztelania askatasunaren eta eskubide zibilen tresna da. Euskara terroristena».

Blanca Urgell Kultura sailburuaren esan bat bat ere jarri zuen adibiderako: «'El euskera también es de quien no tiene interes por él'. Horren azpian dagoen logika politikoa hauxe da: el euskara es del castellano, la lengua vasca es un patrimonio de la lengua castellana. Pauso asko eman dira norabide horretan. Elebitasun ofiziala da adibide bat: euskara gaztelaniaren lagungarri ageri da beti eta edonon».

Michele Lalonde idazle quebeqctarrak 1969an jendaurrean errezitatu eta denborarekin Quebeceko poema nazionala bihurtu dena, Speak White, irakurri zuen Izagirrek, euskara eta euskaldunak munduan ez daudela bakarrik adierazteko. «Hizkuntzak multzoak sortzen ditu. Mendiek, ibaiek, haranek ere multzoak sortzen dituzte. Baina memoria historikoan batzen gaituena kantu bat da, bertso sail bat, erdaldunak ginenean norbaitek euskaraz ziguneko zirrara hura, euskaraz egiteagatik jendea kartzelaratu izan zutela jakitea, poema hau... Hizkuntza gure sentimenduen azpiegitura da. Horrek egiten gaitu herri». Eta mundua «gu bezalakoz» betea dago: «Mundua okzitanoz, guaraniz, mambaraz, wolofez, bretonez, katalanez, frisioz, galegoz, korsikarrez betea dago».

Beste hizkuntza batzuen menpe dauden beste hizkuntzen pare egiten da «munduko» euskara, Izagirreren iritziz: «Euskaraz, munduko gara egiten. Leku bat baldin badaukagu, hizkuntzak emana da. Haren bitartez markatzen dugu muga eta lotura. Beste asko bezalakoa da gure mundua, gurea beste askorena ere bada: we are not alone, ingelesaren menpean gauden bestelako ugarien artekoak gara, no estamos solos, gaztelaniaren azpian gauden bestelako ugarien artekoak gara».

Euskararen mapak

Euskararen mapak galduak zituen hainbat ingurune eta hiri XX. mendearen erdialdean. Eta erdal gune horietako batean, Bilbon, egin ziren euskaldun Gabriel Aresti eta Natxo de Felipe. «'Gauzak aldrebes ikusirik' egin zen euskalduna Gabriel Aresti, XX. mendeko euskal poetarik handiena, Bilboko 'erdal herrian', gerraosteko basamortu hartan». Arestik Bilbo «euskararen maparen barruan» kokatu zuen, «Bilboko karrikak eta bilbotarren erdalkeria kantatu zituelako euskaraz».

Natxo de Felipe ere Bilbon egin zen euskaldun, inguruko herrietan, euskara bakarrik jakin arren, erdaraz besterik hitz egiten zuten neska-mutilak adituta. «Euskaltasunaren atlasetik kanpo zegoen leku batean erabaki zuen euskaldun modernoa izatea». Izagirrek gogoratu zuen Xabier Gereño kartzelan sartu zutela 1940ko hamarraldian Bilbon euskarazko klaseak antolatu nahi izan zituelako. Eta lehenengo ikastola modernoa Bilbon sortu zela 1957an.

Euskararen historia eta egoera ezin dira ulertu, «ez bada kontuan hartzen gure gaineko hizkuntzek eduki duten rola errealitate linguistikoaren eraikuntzan. Ondokoa genuena gaineko bihurtu digute. Gu azpiko». Euskara «menderatzaileak» kategorizatzen duela adierazi zuen Izagirrek. «Aspaldi honetan maiztxo entzun izan dugun legez, euskarak, euskal kulturak erakarri egin behar baldin badu, hauxe da gizartean txertatzen den mezua, pozoia: Euskara eta euskal kultura ez dira erakargarriak.Erakargarria erdara da, erdarazko kultura». Autopsiarako frogak-en egilearen iritziz, «horrela ere sortzen da ideologia arrazista, hizkuntzen kategorizazioaren bitartez».

Baina kanpoko erasoei ez ezik, elebitasunaren izenean egin direnei ere erreparatu zien Izagirrek. Hain zuzen ere, EAJ buru zuen Eusko Jaurlaritzak 2009an aurkeztutako XXI. mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak lana aipatu zuen. Besteak beste, gizarte elebidun baten helburua posible izango bada, asimetria geografikoa eta funtzionala ere izango direla dio agiri horrek.«Asimetria baterantz goaz, hots, ez goaz inora, leku berean geratuko gara, asimetriaren iduri murriztua geu izanen garelako. Asimetria hori funtzionala eta geografikoa izanen da: nork esan du zonifikatzaile bakarra Nafarroako Gobernua dela?». Izagirreren iritziz «hizkuntza bat bestearen zerbitzuan jartzeko tresneria» da elebitasun ofiziala.

Horren aurrean, euskarak politikan bere lekua hartu behar du.«Eta gure hizkuntzaren maila eman behar dugu orain euskaldunok geure buruzagi politiko eta kulturalen aurka: euskara prest dago, ez da engoitik aurre-indoeuroparra edo besteak ez bezalakoa, modernoa eta mendebaldekoa da, araberako estatusa eskatzen du, hots autodeterminazio linguistikoa bere ondorio guztiekin».

«Minoria bezala», euskaldunek badute zer aportatu. «Euskarak kordokan paratzen du demokrata, demokrazia praktikatzera behartzen duelako». Eta emakumeen eta ekologisten borroka ekarri zuen gogora: «Ekologiak gaur hartu zuen garrantzia ez dahondamendiek sortutako kontzientziari esker, ekologistek era independentean politikoki egin borrokari baino. Hizkuntzek ere behar dute ekologia bat. Hortxe txertatzen dut nik gure hizkuntza, gero eta beharrezkoagoa den mundu justu eta igualitario baten aldeko ahaleginean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.