Leku itxietan erretzea debekatzea onartu du Madrilek

Espainiako Kongresuko Osasun Batzordeak onartutakoaren arabera ezingo da umeen jolastokietan erre

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuko Osasun Batzordeak leku publiko itxietan erretzea debekatuko duen Tabakoaren Legea onartu du. Itxita ez dauden lekuen kasuan, galarazita egongo da parkeetan erretzea. Telebistetako aurkezle eta gonbidatuak ere, ezingo dira erretzen azaldu. Debekatuta egongo da, halaber, tabako enpresen logotipoak eta irudiak erakustea. Orain, Senatuko Osasun Batzordeak onartu beharko du legea, eta, hala bada, urtarrilaren 2an indarrean egongo da. Ostalariak izan dira erabakiarekin kritikoenak, kalte ekonomiko handiak ekarriko dizkiela salatu baitute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legeak ez du eraginik izango. Izan ere, Eusko Jaurlaritza lege propioa egiten ari da. Lege hori ezingo da Espainian onartzen dena baino arinagoa izan. Gemma Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburua bera, jada debekua ezarrita duten hainbat herrialdetako kontsulekin bildu zen herenegun, iritziak eta esperientziak jaso etapartekatzeko. Nafarroan, Foru Gobernuak ez du horretarako asmorik azaldu.

Atzo onartutako legearen arabera, debekatua egongo da jatetxeetan eta tabernetan erretzea. PPk horietan erretzaileentzako toki itxiak egotea proposatzen zuen, baina ez da onartu.

Erre ahal izango den leku itxi bakarrak kartzelak, psikiatrikoak eta adinekoentzako nahiz ezinduentzako egoitzak izango dira. Dena den, horietan ere toki edo gela batzuk jarriko dituzte erretzeko.

Hoteletan, logelen %30ean erre ahal izango da. Hori bai, gela horiek beti berak izan beharko dute, eta erretzaileentzako direla zehaztu beharko da.

Erietxeetako barrutietan galarazita egongo da erretzea, nahiz eta toki irekiak izan. Erretzea debekatua egongo da, halaber, haurrentzako astialdi guneetan; ez, ordea, unibertsitate campusetan.

Erretzaileentzako klubei dagokienez, ez da debekurik izango. Baina klub horiek izaera juridikoa izan beharko dute. Gainera, haien xedeen artean ez du egon beharko tabakoaren salmenta bultzatzea.

Tabakoaren aurkako prebentzioa gaztetxoenetatik hasi behar dela dio legeak, eta alor horretan hezkuntzak duen garrantzia nabarmendu du.

Legeak, gainera, Osasun Sistema Publikoak erretzen uzteko tratamenduak finantzatzeko aukera jasotzen du. Dena den, horren inguruko erabakia Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak hartu beharko du.

Espainiako Osasun ministro berriak, Leire Pajinek, adierazi du legea «baldintzarik gabe» betetzea nahi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.