Iñaki Goioaga ia astero joaten zen Espainiako Auzitegi Nazionalera bere lana egitera. Baina Grande-Marlaska epaileak, bere bulegora deitu beharrean, nahiago izan zuen hura atxilotu eta lau egunez inkomunikatu. Ordura arte abokatu gisa salatutako eskubide urraketak bere larruan jasan zituen Goioagak: polizien mehatxu eta presioak, konfiantzazko abokatu bat izateko eskubiderik eza, errugabetasun presuntzioaren urratzea, atxiloketaren arbitrariotasuna... Sumarioa sekretua zela, Barne Ministerioak zabaldu zuen Huelvako espetxetik ihes egiteko plan bat prestatzen ari zela hango presoekin batera. Handik egun gutxira, baina, epaileak ukatu egin zuen plan hura gertatzear zela —ustezko gertaera horiek 2007an kokatu zituen eta Goioaga eta besteak 2009an atxilotu zituzten—. Hala ere, eta froga zehatzik ez bazuen ere, Goioaga espetxeratzeko agindu zuen epaileak, ordurako indarra hartua zuen «dena ETA» zelako tesiari helduta.
Euskal abokatuen lehen auzipetzeak 90eko hamarkadan izan ziren. ETAren bahiketetan edo iraultza zergan bitartekari lanak egitea leporatuta auzipetu zituzten, besteak beste, Jose Mari Elosua, Jose Antonio de la Hoz eta Alvaro Reizabal.
Baina 1998. urtean mugarri bat jarri zuten Espainiako auzitegiek, 18/98 sumarioarekin. Prozesu horretan, ETArekin lotura izatea leporatuta, euskal gizartean errotuak zeuden hainbat instituzio, erakunde eta pertsona polizien eta epaitegien helburu bihurtu zituzten, eta abokatuak ez ziren geratu kanpoan.
18/98 auzian ezarritako tesiak soka luzea ekarri zuen ondorengo urteetan. Atxiloketa ugari izan ziren, eta horiekin batera, eskubideen urratzeen salaketa. Lan horretan lekuko deserosoak bihurtu ziren euskal abokatuak.
Hala, haien jarduna legez kanpokotzat jotzen hasi ziren eta haietako hainbat auzipetu eta zigortu zituzten: Carlos Trenor, Txema Matanzas eta Mirian Campos, adibidez, 18/98 auzian. Baina akusazioa edozein izan zitekeen ustezko lotura hori frogatzeko: tortura salaketak egitea, ekitaldi publikoetan parte hartzea. Eta hainbat abokaturen bulegoen miatzea eta legez kanpoko entzuketak ohitura bihurtu ziren. 2006ko bake prozesuaren ostean, eta 2009tik aurrera, bereziki, atxiloketak ugaritu egin ziren, Bidasoaren bi aldeetan, eta, Goioagaz gain, Joseba Agudo, Iker Sarriegi, Arantxa Zulueta eta Jon Enparantza atxilotu zituzten, besteak beste.
Lekuko deserosoak
Euskal presoen abokatuak beti egon dira Espainiako auzitegien jomugan, baina 1998. urtetik aurrera, bereziki, ugaritu egin dira haien aurkako auziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu