Legez kanpoko atxiloketak izan zirela eta defentsa eskubidea urratu zitzaiela. Hori argudiatuta jarri zuen Guardia Zibilaren kontrako salaketa Ane Ituño abokatuak. Ituño joan den maiatzaren 19an "sarean terrorismoa goratzea" leporatuta atxilotu zituzten bost pertsonen abokatua da.
Abokatuak esan du atxiloketak ez zirela beharrezkoak, eta salatu du guardia zibilek "behin eta berriz" ukatu zizkiotela atestatuak. Abokatuak jarritako helegite horren harira, gaur lekuko gisa deklaratzera deitu dituzte bost txiolariak Bilboko Instrukzioko 1. Epaitegiak. EH Bilduk babesa eskaini die txiolariei epaitegiaren atarian bertan. Maribi Ugarteburu eledunak adierazi du halako polizia operazioek erakusten dutela "Espainia Mozal estatua dela".
Guardia Zibilak hamabi pertsona atxilotu zituen maiatzaren 19an Euskal Herrian, "sarean terrorismoa goratzea" leporatuta. Guztira hemeretzi pertsona atxilotu zituzten Euskla Herrian, Katalunian eta Espainian, akusazio berarekin. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1. Epaitegiak agindu zituen atxiloketak, eta iaz egindako Armiarma operazioaren soka berean kokatu zituzten. Iaz traza bereko beste bi operazio egin zituzten, eta guztira 56 pertsona atxilotu dituzte jada.
Besteak beste, "guardia zibilen edota ertzainen hilketak goratzea", alkateen kontra atentatuak egiteko "desioa" edota "terrorismoaren biktimei iseka egitea" leporatzen zieten.