Tolosako Laskorain ikastolak jaso du hurrengo urteko Kilometroak antolatzeko lekukoa. Laskorain Ikastolako arduradunek ilusioz hartu zuten ardura, atzokoa ikusita horrek duen erantzukizuna azpimarratuz. "Andoainek bezain ondo egingo dugu, baina batik bat, hau egiten andoaindarrek pasa duten bezain ondo pasatzea espero dugu", esan zuten.
Andoaingo Kilometroetako goizeko zinta mozketari atzo eguerdian Bastero kultur zentroan egindako ekitaldiak hartu zion lekukoa, eta han jakinarazi zuten hurrengo antolatzailea nor izango den.
Jende asko batu zen eta aretoa bete egin zen eguneko beste ekitaldi garrantzitsuan. Ikastola sortu zeneko garaia ekarri zuten gogora, Gipuzkoan hezkuntza gazteleraz soilik egiten zenekoa.
"Garai hartan umeak izan ginenak horrelaxe bizi izan genituen gauzak", esanez hasi zuen aurkezleak bere hitzaldia. Garai horretako eszena bat antzeztu zuten ondoren, eta gero ikastola sortu zuten andereño eta gurasoak omendu zituzten. Momentu hunkigarria izan zen, eta txalo zaparrada, ozena eta luzea.