Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, erasoa 22:40 inguruan izan zen. Hiru kaputxadun geltokian sartu ziren eta bertako buruari geltokia uzteko eskatu zioten. Bera baitzen une horretan geltokian zegoen pertsona bakarra.
Antza denez, kaputxadunek likido sugarri bat isuri zuten geltokian, eta ondoren su eman zioten kalte material handiak eraginez. Suhiltzaileek itzali zituzten sugarrak.
Herrizaingo Sailaren arabera, sutea piztu eta bost minutura Ertzaintzako patruila batek hiru lagun ikusi zituen ihesikai. Atzetik jarraitu zieten, eta hiru lagunetatik bi atxilotu zituzten: 30 eta 32 urteko bi gizonezko. Halaber, gasolina ontzi bat atzeman zietela agertu dute iturri horiek. "Terrorismo delitua" leporatzen die Herrizaingo Sailak.
Lekukoek, ordea, oso bestelako azalpenak eman dituzte: atxilotu zituztenean bi gazte horiek kartelak jartzen ari zirela agertu dute, eta ez zeukatela gasolina poterik. Aitzitik, erregai ontzia han inguruko orube batetik atera zuela Ertzaintzak zehaztu dute lekukoek.
Atxilotu biak Gaztañoko auzoko bizilagunak dira, eta, besteak beste, Zintzilik irrati libreko kolaboratzaileak.
Atxiloketak
Lekukoen arabera, kartelak jartzen ari ziren Errenteriako erasoarekin lotuta atxilotu dituzten bi gazteak
Errenteriako (Gipuzkoa) Gaztaño auzoko Euskotreneko geltokiari su eman diote bart. Erasoan parte hartzea egotzita bi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, eta gasolina ontzi bat atzeman dietela agertu du. Lekukoen arabera, ordea, kartelak erantsi baino ez dute egin gazte horiek; areago, erasoa gertatu zenean auzokideen bilera batean zeudela ziurtatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu