Hiru hamarkada luzez politikan aritutakoa, Frankismo garaian Movimiento delakoaren idazkaritza nagusiko ministro izandakoa, Franco hil ondoren gobernuburu izendatu zuen Juan Carlos I.ak, 1976an, Arias Navarroren ordez. Helburu argiarekin aukeratu zuen: frankismoan izendatutako gorteek aldaketak onartzea, baina, aldi berean, Francoren legalitatea onartuta, armadaren babespean gobernatzea. Hitz gutxitan, frankismotik trantsiziorako zubi lana egin zuen lemazaina izan zen Suarez.
Gobernuko presidente izan zen lehen hilabeteetan, indar frankistekin negoziatuz, erregimenaren erreforma legala lortzen saiatu zen: besteak beste, 400 preso politikoei amnistia eman zien oposizioa erakartzearren, eta Gutierrez Mellado jenerala lehendakariorde izendatu zuen militarrak pozik mantentzeko. Negoziazio haien ondorioz eta, Juan Carlos Ia, lehen ministroa eta Gorteetako presidentea ados zeudelarik, Erreforma Politikorako Legea prestatu zuen. 1976ko azaroaren 15ean onartu zuten lege hura Gorte frankistek. Hainbat neurri hartu zituen ondoren, esanguratsuena, ezker muturreko alderdi guztien legeztatzea –PCE eta Alderdi Karlista izan ezik–, eta Amnistiarako baldintzak leuntzea.
Franco hil osteko urteak gordinak izan ziren oso Euskal Herrian. Giro politiko, sozial eta ekonomiko nahasia zegoen, eta hamaika protesta eta manifestazio ziren kaleetan. Errepresioa ere latza zen. Suarez presidentearen ardurapean eta Manuel Fraga Gobernazio ministroa zela gertatu ziren Gasteizko martxoaren 3ko sarraskia eta Montejurrako (Nafarroa) hilketak, 1976an. Arrasto odoltsu horiek betirako geratuko ziren euskal herritarren memorian .
Ingurune horretan iritsi ziren 1997ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bozetara berak bultzatutako aukerarekin aurkeztu zen Suarez, UCD koalizioarekin, alegia. Talde demokristauak, liberalak, sozialdemokratak eta frankista ohiak bildu ziren koalizio horretara eta zentroko sektoreak bereganatzeko asmoz aurkeztu zen hauteskundeetara.
Euskal Herrian, Katalunian bezala, ez zen giro. 1977ko irailaren 11n milioitik gora kataluniar manifestatu ziren autonomiaren eta amnistiaren alde. Beste horrenbeste gertatu zen Euskal Herrian ere . Suarez harremanetan jarri zen Eusko Jaurlaritzako eta Kataluniako Gobernuetako lehendakariekin, Jesus Maria Leizaola eta Josep Tarradellas i Joanekin, hain justu ere. Erbestean ziren biak ala biak, eta Tarradellas erbestetik itzul zedin lortu zuen Suarezek. Egun batzuk lehenago berrezarria zuen, behin-behinean, Generalitat-eko gobernua.
Euskal Herrian, ordea, konplexuagoa izan zen prozesua. Leizaolak uko egin zion zuzenean Suarezekin negoziatzeari eta Eusko Legebiltzarkideen Biltzarraren esku utzi zituen elkarrizketak. Suarezen gobernuak zenbait neurri hartu zituen –ikurrina legeztatzea eta amnistia ematea tartean–, baina ez zuen erabateko normaltasunik lortu. 1977ko abenduaren 30ean, Euskal Kontseilu Nagusia osatu zen eta autonomia aurreko erregimena onartu zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat, Nafarroa kanpoan utzita. Espainiako Konstituzioa onetsi aurreko hilabeteetan, beste lurraldeetara ere zabaldu zen autonomia, eta Autonomi Estatua egituratzen hasi zen orduan.
Estatutuaren negoziaketak
1979an, Gernikako Estatutuaren negoziazioetan ezinbesteko papera izan zuen Suarezek. UCDren eta EAJren arteko bi aldeko elkarrizketen ondorioz lortu zen ituna, baina batez ere Suarezen eta Carlos Garaikoetxearen arteko buruz burukoetan. Ofizialki negoziazioak Espainiako Kongresuko eta Euskal Legebiltzarkideen Asanbleako ordezkaritza banaren artekoak izan ziren, baina praktikan, Suarezek eta Garaikoetxeak hartu zituzten erabakiak.
Batez ere, auzi politikoenak, bi mandatarien mahaian konpondu zituzten aurrena, gero beste mahaietara joateko.
Kongresuko mahai horretako negoziazioan ibili ziren Xabier Arzalluz, Emilio Gebara, Juan Mari Ollora, Mitxel Unzueta eta Marcos Vizcaya EAJren ordezkari gisa. Estatutuaren negoziazioak gertutik jarraitzera Euzkadi Buru Batzarra ia osorik joan zen Madrilera, lau buru batzarretako lehendakariak tartean. 1979ko uztailaren 16an EAJ eta UCD ados jarri ziren, eta 18an, Estatutuaren testu osoa onartu zuten batzorde mistoan. Suarezek Armadako Estatu Nagusiarekin egin omen zuen aurreneko bilera, akordioaren mamiaren berri emateko. Hilaren 21ean, Kongresuko Batzorde Konstituzionalak legea onartu zuen, behin-betirako.
Euskal Herriko gatazkari dagokionez, ETArekin negoziatzearen aurka agertu zen beti Suarez, publikoki bederen. Espainiako Gobernuko presidente zela, negoziazioaren aurkako diskurtsoari eutsi zion. «Ez dut ETArekin negoziatuko. Berriro diot ez dela hori bidea». 1980ko abenduaren 11n esandako hitz horiek bere jarreraren adierazle dira. Hala ere, zazpi hilabete lehenago, tirabira franko izan zituen Felipe Gonzalez oposizioko buruarekin, horrek gauza bat esatea baina beste bat egitea leporatu ziolako. Gonzalezen arabera, Suarezen gobernua ETArekin bilera bat egiten saiatu zen, eta azkenean gauzatu ez bazen, ETAk negoziazioa publikoa izatea exijitu zuelako izan zela. Zerbitzu sekretuek ETArekin hainbat harreman izan zituztela ere esan zuen buruzagi sozialistak. Suarezek irmo ukatu zuen hura: «Gobernuak beti esan du ez duela ETArekin negoziatzen, eta horri eusten diot».
Alabaina, duela hiru urte inguru jakin zen Suarezen gobernuaren garaian zerbitzu sekretuek ETArekin harremanak izan zituztela, adar politiko-militarrarekin zein adar militarrarekin, 1976. urtearen bueltan. Angel Ugarte militarrak, garai hartan Espainiako zerbitzu sekretuetako burua Euskal Herrian, Espía en el Pais Vasco liburuan eman zituen harreman horien berri.
Suarezek, bere agintaldiaren amaieran ekin zien ETA politiko-militarra desegiteko negoziazioei. Juan Jose Roson Barne ministroak Juan Mari Bandres eta Mario Onaindia EEko buruzagiekin zehaztu zituen ETApm desegiteko baldintzak. Suarez presidente zela hasi zituzten negoziazioak, eta Calvo Soteloren agintaldian amaitu.
1981ean Suarezek gobernuko eta alderdiko agintea utzi zituenean CDS alderdia sortu zuen, eta orduan askoz argiago mintzatu zen ETArekin negoziatzearen alde. 1983ko maiatzaren 5an, CDSko presidente zenean, «erakunde terroristekin edonolako negoziazioak» egitearen aldekoa zela adierazi zuen, betiere elkarrizketa horiek Espainiako Konstituzioa eta Estatutua errespetatzen baldin bazuten. Handik lau urtera, odol delituak zituzten ETAko kideei indultuak emateko aukera onartzeko prest agertu zen Suarez, «alderdi demokratikoek» ezarritako baldintzak onartuz gero. pedurne begiristain