Ramon Rubial PSOEko buruzagi historikoaren alaba zen Lentxu Rubial Cachorro, eta haren lekua hartu zuen Espainiako Senatuan, aita hil ondoren. 2004tik 2011era aritu zen senatari lanetan, Bizkaiko ordezkari gisa. PSOEren zuzendaritzako kide eta Ramon Rubial Fundazioko presidente ere izan zen hainbat urtez.
Alderdiak haren lana goratu ditu, eta bereziki, beren herrialdetik kanpo bizi diren espainiar migranteekiko erakutsitako "konpromisoa". Hain zuzen, Lan eta Inmigrazio Batzordean aritu zen gehienbat senatuan. "Alderdi Sozialistak ez du ahaztu nahi nola uztartzen zituen, ardura politiko ezberdinetan, bulegoetako lana eta afiliatuekiko harremana: beti kalean, militanteekin", adierazi dute PSOEko zuzendaritzako kideek.
Hil kapera, Bilbon
Gaur arratsaldean ireki dute Bilbon Rubialen hil kapera, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea izan da bertaratzen lehena. Doluminak agertu dizkiote familiari PSE-EEko buruzagiek ere.