Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun kontseilariak Lezakoospitaleak (Araba) lehendik eskaintzen dituen zerbitzuak indartzeko proposamena egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean; Arabako Errioxa inguruko biztanleen osasun premiak aintzat hartzea litzateke horren helburua.
Joan den irailean utzi zioten Errioxako osasun zerbitzuek Arabako Errioxako gaixoak artatzeari, eta, hainbat protestaren ondoren, hil honen erdi aldera hizketarako prest agertu ziren bi aldeak.Bengoak argi du Lezako erietxeko zerbitzuak areagotzearekin ez dela aski izango. Horregatik, beste proposamen bat ere egin dio aste honetan Errioxako Gobernuari: Errioxako herritarrei osasun zerbitzu osagarriak eskaintzea, lehendik ematen zitzaizkien zerbitzuez gain. Esaterako, giltzurrunetako transplanteak, buruko ebakuntzak eta bestelako ebakuntza konplexu batzuk egingo dizkiete. Ordainetan, Arabako Errioxako herritarrak Logroñoko (Errioxa, Espainia) erietxean tratatzeko eskatu du Bengoak.
Kontraprestazio horiek doakoak izatearen alde agertu da kontseilaria, gainontzean osasun sistema publikoa hautsiko litzatekeelako. Errioxako Gobernuak, baina, zazpi milioi euro eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari gaixoak artatzeagatik. Pedro Sanz Errioxako presidenteak azaldu du itunik gabe ez dutela ezer ere emango eta zerbitzua emateko lehenengo eskatu egin beharko dutela Jaurlaritzakoek.
Atzo Eusko Legebiltzarrean izandako bilkuran desadostasuna agertu zuten EAJ, UPD eta EA alderdiek, kontu honen harira; krisiaren ondorioz Arabako herritarrei jaramonik ez egitea egotzi zioten Jaurlaritzari. Nerea Antia legebiltzarkideak «berandu» erreakzionatu izana egotzi zion Bengoari, eta «onartezin» iritzi zion Errioxako Gobernuaren erabakiari. Gorka Maneirok ere kritika bera egin zion, eta erkidego bakoitzak bere osasun eskumenak izateari egotzi zion gatazka. Joanjo Agirrezabalagak, berriz, uste du «lotsagarria» dela egoera. Bengoak uko egin zien alderdiek egindako kritika guztiei.
Errioxako Gobernuaren erantzuna datorren asterako espero du Jaurlaritzak; azken egunetan egindako proposamenen inguruan itxaropentsu azaldu da halere. Haren esanetan, arazoaren oinarria ez dago «osasun neurrietan»; Errioxako Gobernuko presidenteak, Pedro Sanzek, «hauteskunde helburuekin» jokatu duela uste du. Sanzek, berriz, Logroñotik gertuen dauden Arabako herri inguruetan «industrialde asko eta osasun zentro gutxi» daudela aurpegiratu dio Jaurlaritzari.
Erabaki «larria»
Bengoarentzat «larria» da Errioxako osasun zerbitzuek joan den asteazkenean Arabako emakume batekin izan zuten jarrera. Anbulantzia bat ukatu zioten. «Ikertzen ari gara larrialdi bat izan duen gaixo bati zergatik ez zaion jarri garraiorako protokolo arrunta», azaldu du. Antza, Eltziegoko ardandegi batean (Araba) mahastien adarrak mozten ari zela, behatz bat ebaki zuen guraize mekanikoekin. Ondorioz, Eltziegotik gertuen dagoen ospitalera —Logroñoko San Pedro ospitalera— joan zen andrea, baina erietxean mikrozirugiarik ez zutela eta, hari zegokion beste zentro batera eramateko erabakia hartu zuten, ebakuntza bertan egin ziezaioten: Donostiako Ospitalean, hain justu. Lekualdatze hori egiteko, Errioxako osasun zerbitzuek ukatu egin zioten anbulantzia emakumeari; Gasteiztik joan behar izan zuen beste anbulantzia batek haren bila.
Bengoak gogor salatu du gatazkan Sanzek izan duen jokaera:«Irizpide independentistak balitu bezala aritu da, ez dauden tokian mugak jartzen». Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak ere gogor kritikatu du Errioxako Gobernuaren jarrera; ez du inondik ulertzen gaixoak ez artatzearen erabakia.
Espainiako Osasun Ministerioak Arabako Errioxako gaixoak «berehala» artatzeko eskatu dio auzi honetan Sanzi, baita Jaurlaritzarekin harremanetan jartzeko ere. Akordioa lortu arte gose grebari ekin zion Oiongo (Araba) alkateak iragan astean. Jaurlaritzak eta Errioxako Gobernuak elkarrizketak hasi zituztenean, ordea, utzi egin zion protesta egiteari.
Lezako ospitalea indartzeko proposamena egin du Bengoak
Krisiaren ondorioz Arabako herritarrei jaramonik ez egitea egotzi diete Bengoari EAJk eta UPDk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu