Datorren astelehenean ziren hastekoak Lezon (Gipuzkoa) atez ateko bilketa sistemarekin. Baina maiatzaren 6ra arte atzeratu egingo dutela iragarri du Lezoko Udalak: "Arazo teknikoak tarteko, sistema berriarekin astebete beranduago hastea erabaki da. Ongizate iraunkorraren bidean egingo den urrats berri zein esanguratsua, behar bezala eman nahi delako".
Udalak esan du "ongizate iraunkorraren bidean tinko" jarraituko duela lanean: "Arduraz, Lezon 2013an %80 inguruko gaikako bilketa emaitzak lortzeko lanean egingo du aurrera. Emaitza horiek lortzeko bidean, gertu dago Lezoko herria".
PSE-EEk Lezoko alkateari eskatu dio atez ateko sistema jartzeari uko egiteko, edo bestela "borondatezkoa" izan dadila.
Lezo Garbia atez atekoaren kontrako plataformak ontzirik ez jasotzea erabaki zuen azken batzarrean, eta «horri eusteko» deia egin die aste honetan herritarrei. Hala ere, Lezoko familien %95ek jaso dituzte zaborra sailkatzeko ontziak.