Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du Lezon, Gipuzkoan, auto baten barruan bikotekide ohia jotzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, astelehen arratsaldean gertatu zen erasoa; emakume baten autora sartu zen gizonezko bat, haren bikotekide ohia, 41 urtekoa.
Segurtasun Sailak azaldu du bikotekide ohiak eztabaidan hasi zirela eta, emakumea gidatzen ari zela, gizonak bolantea heldu zuela. Kontrako norabidera joan zen autoa, eta arriskuan jarri bien eta beste gidari batzuen segurtasuna.
Andreak autoa geratu zuen Lezon; une horretan, gizonezkoak ibilgailuko giltzak kendu zizkion, eta andreari eraso zion. Udaltzaingoa joan zen autora, eta Ertzaintzari eman zioten gertatutakoaren berri. Gizona atxilo hartu zuten poliziek, genero-indarkeria delitu bat egitea egotzita. Gaur eraman dute epailearen aurrera.