LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da gaur; harrotasunerako eguna, baita berdintasuna aldarrikatzeko borrokarako eguna ere. Izan ere, oraindik bada zer egin berdintasunerako bidean. Aldarrikapen horiek karrikara eramanen dituzte hainbat herri eta eta hirietan gaur arratsaldean, baina goizean goizetik izan dira horiekin bat egin duten erakundeak ere.
Eusko Legebiltzarrak bat egin du LGTB Komunitatearen Nazioarteko Egunean antolatutako ekitaldiekin, eta eskubideen eta aniztasunaren aldeko ekitaldi instituzional batekin eman dio hasiera gaurko jardunari. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua buru zirela, hainbat parlamentarik kontzentrazioa egin dute parlamentuaren aitzinean eskubideen eta aniztasunaren alde lelopean. Iluntzean, LGTBI banderaren koloreekin argiztatuko dute parlamentua.
Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak ere bat egin dute gaurko LGTBI mugimenduak antolatutako mobilizazioekin, eta mugimenduak izandako historia oroitarazteko eta ikusarazteko beharra nabarmendu dute. Nafarroako Gobernuak bazterketarik gabeko politika publikoak egiteko duen konpromisoa berretsi du, eta, oraindik egiteko anitz dagoen arren, Nafarroako Parlamentuak egindako bideagatik «harro egoteko arrazoiak» badaudela azpimarratu.
Eudelekin bat, Berdindu! Sexu eta genero aniztasunarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazioa eta arreta ematen duen Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu publikoa adierazpen publikoa egin du aniztasunetik abiatuta, eskubideak eta bizikidetza aldarrikatzeko. Sexu eta genero aniztasunaren aurkako sektore eta alderdi politiko «jakin batzuen» diskurtso eta planteamenduen gorakadaren aurrean, kontuz ibiltzeko deia egin du Berdinduk, eta nabarmendu du diskurtso horiek «ondorio zuzenak» dituztela: «Horregatik, oraindik ere beharrezkoa da LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikusarazten jarraitzea».
LGTBI pertsonen bizitzak eta eskubideak babesten dituzten lege esparruak egotea beharrezkotzat jo du zerbitzu publikoak, eta baita LGTBI kolektiboaren egungo errealitatea ezagutzea egiaztatutako eta kuantifikatutako datuekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoa hainbat udalek ere bat egin dute Eudelek eta Berdinduk ateratarako adierazpenarekin
Mobilizazioak arratsaldean
Protestarako eguna izango da gaurkoa, eta horregatik karrikak hartzeko deia egin dute hainbat antolakundek. Arratsaldean izango dira manifestazio horiek. Bilbon, Moyua plazatik abiatuta egingo dute protesta, 18:30ean. Donostian eta Gasteizen 19:00etan izango dira mobilizazioak. Donostian, Bulebarrean hasiko da. Gasteizen, berriz, Andra Mari Zuriaren plazan. Iruñekoa izango da denetan berantiarrena: 19:30ean abiatuko da Baluarteko plazatik. Iparraldean, aldiz, irailaren 25ean ospatuko dute.