LGTB+ kolektiboa indarkeria bolada bat bizitzen ari dela salatu dute

Manifestazioak egin dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian, Bizkaiko eta Gasteizko E28 koordinadorak eta Donostiako koordinadora transmaribolloak deituta.

Gaur arratsaldeko manifestazioa, Gasteizen. GASTEIZKO E28 KOORDINADORA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 10a
20:59
Entzun

LGTBfobia gaitzetsiz, manifestazioak egin dituzte gaur arratsaldean Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Bizkaiko eta Gasteizko E28 koordinadorek eta Donostiako koordinadora transmaribibolloak deitutako manifestazioetara bildu direnek azkenaldian «indarkeria bolada» jasaten ari direla salatu dute, baita konponbideak exijitu ere.

«Balio tradizional eta arkaikoak» suntsitzeko garaia dela aldarrikatu dute protestetan. Haien hitzetan, azken asteetan LGTBfobia kasu ugari salatu dituzte, eta bereziki gogoan izan dute Coruñan (Galiza) duela astebete jipoitu eta hil zuten Samuel: «Ez da kasu isolatua izan, den horregatik hil egin dute, marika izateagatik». Euskal Herrian izandako azken erasoak ere zerrendatu dituzte: «Ez da Samuel bakarrik: Basauriko eta Zornotzako jipoi homofoboak dira, Gasteizko eskola bateko pintaketa transfoboak eta nola eta zergatik hil behar gaituzten azaltzen duten Donostiako lau homofobo erasotzaileak, eta Muchanten hildako emakumea eta Younnesen erailketa arrazista ere badira». Hau da, «indarkeria bolada bat» bizitzen ari direla nabarmendu dute. «Gorrotoa eta amorrua sentitzen ditugu, eta ez kartzela ez ekintza punitibo bakar bat ere ez da nahikoa izango gu lasaitzeko».

Horren aurrean, ez daude isilik geratzeko: «Oraingoan, ezingo gaituzte isildu, aurrez aurre aurkituko gaituzte, ausart. Gero eta beldur gutxiago dugu».Eta justizia eskatu dute: «Justizia eskatzen dugu berarentzat [Samuelentzat] eta sistema zisheteropatriarkal, arrazista eta kapitalistak erail dituen denentzat. Utzi gu erasotzeari, utzi du iraintzeari, utzi gu hiltzeari».

Egoera ikusita, antolatzeko garaia delakoan daude: «Eman diezazkiogun eskuak elkarri, antola gaitezen eta irten gaitezen elkarrekin kaleak erretzera». Manifestazioetan esan dutenez, jasaten duten indarkeria ez dator soilik pedagogiaren bidez alda daitezkeen «pentsamolde atzeratu eta erreakzionario batzuetatik»: «Ulertu behar dugu gure bizitzen errepresioak laguntzen duela kapitalismoa deitzen diogun ordena politiko, sozial eta ekonomikoa sendotzen». Hor suntsitzea dute xede: «Ulertu behar dugu ordena hori suntsituz bakarrik lor daitekeela benetako LGTB+ askapena».

Hori horrela, erdigunera eraman nahi dituzte bazterretan daudenak: «Erdigunean jarri nahi ditugu arau patriarkaletik kanpo geratzen diren beste guztiak, periferietako eta ertzetako beste guztiak ezkutuan biziraun ahal izateko haien identitate afektibo-sexuala ezkutatzera behartuta daudenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.