Bost hilabeteren ondoren, martxoaren 12an, epaituek azken hitza eman eta auzia epaiaren zain geratu aurretik, bada auzipetuek gogo bereziz itxaroten duten beste egun bat: martxoaren 6a, biharko eguna. Aldeek behin betiko eskaera egingo dute, eta fiskalak orain arteko eskaerak alda ditzakeen esperantza dute auzipetuek.
Zortzi, hamar eta hamabi urteko espetxe zigor eskaerak egin ditu orain arte fiskalak akusatuentzat, baina, epaiketan ikusitakoak ikusita, egoera alda daitekeen esperantza dute epaituek. Karmelo Landa auzipetuak ohartarazi du akusatuei ez dietela inputazio zehatzik egin eta akusazio elementu pertsonalizaturik ez dela aurkeztu. Akusazioei ezin zaiela eutsi, beraz. Zigor eskaerak bertan behera uzteko eskatu dio fiskalari.
Fiskalak bihar zigorrak eskatzen baditu, epaitegiak "konponbidearen alde aritu direnak zigortzeko" erabiliko dituela ohartarazi du. "Eta fiskalak gobernua ordezkatzen du". Hortaz, Landaren hitzetan, agerian geratuko litzateke Espainiako Gobernuak ez dituela aldaketak onartu, "legalizazioa" ez duela barneratu, eta, finean, ez duela konponbiderik nahi.
EpaituekLibre alegatuarekin bat egiteko eskaera egin diete euskal herritarrei, eragileei zein instituzioei.