Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketen "izaera politiko eta antidemokratikoa" salatzeko asmoz, hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte Gipuzkoako lau herritan. Pixkanaka, amaitzen ari dira urrian hasitako bi epaiketak, eta aldarrikapena eta salaketa "ezinbesteko" direla nabarmendu du Euken Villasante gazte auzipetuak.
Otsailaren 8an, larunbatarekin, Irrien Lagunak arituko dira Beasaingo kiroladegian, 17:30ean. Egun berean, Mikel Goñik eta bi pilotari azpeitiarrek jokatuko dute Azpeitiko Frontoi Txikin, eta kantaldia izango da Tolosako Leidorren, Belarminak, Desordutan eta Lain taldeekin eta Oskar Estangarekin. 18:00etan hasiko dira bi ekitaldi horiek. Iganderako, berriz, bertso saioa antolatu dute Bergarako pilotalekuan, 18:00etan, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Jon Maia eta Aitor Sarriegirekin.
"Gero eta ulertezinagoak"
Herriko tabernen auzian inputatutako Joseba Permachek adierazi duenez, Euskal Herrian gertatzen ari den "aldaketa" eragotzi nahi du Espaniak "errepresioaren bidez". Hala ere, haren esanetan, argi geratu da "gero eta ulertezinagoak" direla epaiketa horiek: "Euskal Herriaren aurkako erasoa dira. Euskal Herrian zabaldu den aro berria amaitzeko saioak dira". Dena den, blokeoa gainditzeko aurrerapauso "esanguratsuak" izan direla nabarmendu du, EPPKren agiria eta urtarrilaren 11ko manifestazioa tarteko, eta "erasoei herri gisa" erantzutera deitu du. "Espainiako Estatua ez da lortzen ari bilatzen ari zena, eta ez du lortuko".