politika

Libre utzi dituzte Ibarran "Jarrairen izarra" duten kartelak jartzeagatik goizean atxilotutako bi gazteak

"Terrorismoaren apologia" egitea egotzi die Ertzaintzak, eta epaitegira sinatzera joan beharko dute deitutako bakoitzean. Ertzainek ziegan hiru aldiz jarri diete 'Cara al sol'. Hilldako bi militanteren omenaldirako deialdia egiten dute kartelek. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "adierazpen askatasunaren aurkako Ertzaintzaren bortizkeria" salatu du.

2010eko martxoaren 4a
18:14
Entzun
Ertzaintzak bi gazte atzeman ditu gaur Ibarran (Gipuzkoa), "Jarrairen izarra" duten kartelak jarri dituztela-eta "terrorismoaren apologia" egitea egotzita. 10:40etan atxilotu dituzte, Euskal Herria kalean, eta arratsaldean laga dituzte libre baina, epaitegitik sinatzeko deitzen dituztenean, horretara joan beharko dute.

Tolosaldekohitza.info-k dioenez, J.M.O. eta G.J.M. dira bi atxilotuen izen hasierak. Ertzaintzaren Tolosako egoitzan izan dituzte. G.J.M. 15:45ak inguruan askatu dute J.M.O. 17:00ak aldera. Ertzaintzaren aurrean ez dute deklaratu eta epailearen aurretik igaro gabe kaleratu dituzte. "Ertzainek Cara al sol jarri digute hiru aldiz", esan dute gazteek, Tolosaldekohitza.info-n irakur daitekeenez.

Kartelek Xebas Goikoetxearen eta Mikel Lopetegiren omenaldirako deialdia egiten dute. Bertan izar bat agertzen da, Che Guevararen txapelean agertzen den bera. Goikoetxea 1977ko martxoaren 8an hil zuen Guardia Zibilak, kontrolean gelditu ostean. Lopetegi 1988ko martxoaren 2an hilda agertu zen Herrerako (Espainia) espetxean.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "adierazpen askatasunaren aurka Ertzaintzak darabilen bortizkeria eta jarrera errepresiboa" salatu ditu. "Azken asteotan herri eta auzo askotan armaz jositako ertzainak kartel eta pankartak kentzen ari dira, beti ere irizpide politiko argiekin. Propaganda politikoa kentzeak eta kartelak jartzeagatik jendea atxilotzeak herri honetan dagoen eskubide urraketa erakusten du".

Espainiako Justiziak legez kanpo utzi zuen Jarrai gazte erakundea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.