18/98 auzia

Libre utzi dute Inma Berriozabal, osasun arazoengatik

Atzo atxilotu zuen Guardia Zibilak 18/98 auzian epaitua, eta gaur eraman dute epailearen aurrera. Hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.

2008ko urtarrilaren 22a
17:35
Entzun
Inma Berriozabal 18/98 auziko zigortuetako kideetako bat atzo atxilotu zuen Zegaman (Gipuzkoa), gaur eraman dute epailearen aurrera, Espainiako Auzitegi Nazionalera, eta honek, epaiaren berri eman ondoren, libre utzi du, "osasun arazoengatik".

Erakunde armatuko kide izatea egotzita, hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak Berriozabali, 18/98 auziaren barruko enpresen atalean. Fiskaltzak zazpi urteko zigor eskaera egin zuen harentzat, baina epaimahaiak eskatu baino zigor handiagoa ezarri zion.

18/98 auzian zigortuta dagoen arren, ez zuten atzo arte atxilotu. Berriozabal ez zen epaiaren irakurketan egon iragan abenduaren 19an. Izan ere, ez zuen hara joateko jakinarazpenik jaso. Ordurako, baina, epaitu gehienak atxilotuta zeuden, "ihes egiteko arriskua" zegoelakoan. Epaimahaiburuak, ordea, hura aurkitu ezin izan zutela adierazi zuen epaiaren irakurketan, eta "ihesean" zebilela zabaldu izan dute hainbat hedabidek. Edonola ere, ordutik bizimodu normala egin du Berriozabalek, baita hainbat ekitaldi publikotan parte hartu ere. Horren seinale da etxean bertan atxilotu izana.

Untzorri Bidaia agentzian lan egiten zuen 1998an Baltasar Garzon epailearen aginduz atxilotu zutenean. Ezker abertzalearen egiturak finantzatzea leporatu zioten Untzorriri, eta baita beste hainbat enpresa txikiri ere.

Auzia abiatu eta bederatzi urtera jaso zuten epaia 18/98 sumarioan epaitutako 52 lagunek. Horietako 47 zigortu egin zituen Auzitegi Nazionalak. Guztira, 525 urteko espetxe zigorra ezarri zieten.

Atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Zegaman 60 bat lagunek eta gaur ere bilduko dira, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.