LIBURU AURRERAPENA. «Onartua? Baina nola liteke?»

Juan Jose Ibarretxe Markuartu (Laudio, Araba, 1957), lehendakaritzan egondako urteetan gertatutakoen kontaketa egitera datorkigu liburu honetan, Koldo Ordozgoitiren eskutik. Eusko Jaurlaritzako buru hamar urte egin zituen Ibarretxek: 1999tik 2009ra. Urte haietako ibileren memoria bildu du Ordozgoitik 'Ibarretxe Lehendakariaren memoria politikoak. Geroa gurea da' liburuan. Horretarako, hainbat elkarrizketa sakon egin ditu lehendakariarekin. Lehen pertsonan kontatuta datoz memoriak. Honako hau liburuaren pasarte batzuetako zatiak dira.

2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ajuria-Eneko ituna gaur subertsiboa izango litzateke

Euskadi Normaltzeko eta Bakeratzeko Hitzarmena, Ajuria-Eneako Ituna, PPren eta PSOEren Terrorismoaren aurkako Itunaren antitesia da; haren ifrentzua. Gaurko betaurrekoekin irakurrita, ateratzen dudan ondorioa da bai orduan, Aznarren garaian, baina baita orain ere, Rodríguez Zapateroren egunotan, Ajuria-Eneako Ituna erraz asko jo zezaketela dokumentu subertsibotzat.

Eta hala da bere oinarrietatik, normalizazioa eta bakea lortzeko akordioa delako. Normalizazio politikorako hitzarmena da, eta Euskadiren eta Espainiaren artean gatazka politiko sakona dagoela aitortzen du. Sinatzaileak ere bat zetozen autogobernua ez garatzeak argudioak eman ziezazkiekeela indarkeriaz baliatzen zirenei.

Ajuria-Eneako Itunak esparru juridikoa egokitzeko, hau da, euskal herritar gehienen borondatean oinarrituko zen aldaketarako aukera aurreikusten zuen. Gehiengoaren borondate hori adierazteko bakezko bideak erabiliko ziren, bide demokratikoak. Eta espainiar Estatuko botereek onartu eta errespetatu behar zutela gehiengoaren borondatea, aldarrikatzen zuen.

Hori guztia jasota zegoen Ajuria-Eneako Itunean, baina batzuk jan egin zuten emandako hitza. Gaur, Ajuria-Enea Ituneko edukiak, -bere garaian, Eusko Legebiltzarreko indar politiko ia guztiekin batera izenpetu zituztenak-, subertsiboak gertatzen zaizkie PPri eta PSOEri.

Ajuria-Eneako Mahaia haustea izan zen lehen pausoa PSOEren eta PPren arteko lerrokatze horretan. Ez da kasualitatea Pacto por las Libertades y contra el Terrorismo hori, PP-PSOE ituna, 2000ko abenduaren 12an sinatu izana; kasualitatea ez den bezala Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Eusko Alkartasunaren kontrako aipu gehiago izatea, ETAren aurkakoak baino.

2001. urteko hauteskundeetan izandako porrotak alternatiba hobetzera bultzatu zituen bi alderdiak, hau da alternatibari koska bat gehiago estutzera, eta Alderdien Legea onartu zuten. Helburu bakarra zuen lege horrek -hala du gaur ere-, euskal gizartearen gehiengoa, hots hautesleen gehiengoa kontrolatzea, hautesleen zati bat botoa nori eman aukerarik gabe utzita; hartara, Eusko Legebiltzarrean gehiengoa lortzeko aukera izango zuten. (...)

Bakeagatik merezi du arriskatzea, baita huts egiten bada ere

ETAk agindu zigun indarkeria amaitu zela belaunaldi baterako, baina gezurra esan zuen; emandako hitza jan egin zuen. ETAk gogaitu egin du euskal gizartea. Euskaldun gehienok exijitzen diogu indarkeriaren bidea utz dezala, alde egin dezala, baina haien artean ere, ezker abertzalearen inguruan ere, batek baino gehiagok traiziotzat hartu zuen su-etena haustea. Traiziotzat, 2007ko haustura. Etsipen handia eragin du bi su-etenen hausturak.

Lehendakari nintzen garaian horixe zen, zalantzarik gabe, gogorrena, inoiz ahaztuko ez zaidana. Telefonoak jotzen zuenean ETAk atentatua egin zuela iragartzeko eta, batez ere, ETAk norbait hil zuela esaten zidatenean. Beti gogoratuko ditut une horiek. (...).

Estatutu Politiko berria

Legebiltzarraren aurrean hartutako konpromisoa betez, abenduaren 30eko iluntze hartan bertan deitu nion Gobernuko Presidenteari. Gernikako Estatutua aldatzeko, beharrezkoa da proposamenak gehiengo osoa lortzea Legebiltzarrean. Hala aurreikusten du Gernikako Estatutuak berak. Eta gehiengo osoa izan zuen Estatutu Politiko berriaren proposamenak. Beraz, beharrezkoa zen Legebiltzarrak onartutako testuari buruzko negoziazioa hastea.

Jaurlaritzak Legebiltzarrean duen bulegotik deitu nion Rodríguez Zapaterori. Oporretara joana zen, eta Madriletik seiehun kilometrora zegoen bere familiarekin. Ustekabean harrapatu zuen deiak eta, batez ere, gehiengo osoz onartua izanak. «Onartua?», esan zidan entzuten zuena sinetsi ezinik, «Baina, nola liteke? Gaur eguerdian bertan irten naiz-eta bidaian, lasai, goizeko hamarretan baieztatu didatelako ez zela onartuko».

Rodríguez Zapaterori halako informazioa emateko iturria bakar bat izan zitekeen... Batasunaren esku zegoen botazioaren emaitza. Haren botoek erabakiko zuten zein aldetara makurtuko zen gehiengo osoa. Eta Osoko Bilkura hartan, arratsaldean, hiru aldeko botoren eta hiru abstentzioren jokoa egin zuen. Horrexegatik uste dut ez zirela izan PSEkoak eta PPkoak goiz hartako deia egin zutenak, horiek, Estatutu berriaren kontra egonda, Zapatero lasai utzi zutelako. Nire ustez, ezker abertzalearen botoaren esanahia ondo ezagutzen zutenek emango zioten informazio hori.

Jokoz kanpo antzeman nuen Rodríguez Zapatero, desegina. Esan gabe doa, susmagarria iruditu zitzaidan horrenbesteko ziurtasuna izatea. Gero jakin dugu denbora zeramatela Batasunarekin hitz egiten, negoziatzen; Batasunarekin, eta ETArekin ere bai. (...).

Ausartak izatea... Ekimen politikoa, porrotari beldurrik izan gabe

Eusko Alderdi Jeltzaleko kide naiz eta buruarekin eta bihotzarekin eraikitzen duen nazionalismoa defendatzen dut nik XXI. menderako. Buruarekin lan egingo duena, baina bihotzarekin ere eraikiko duena.

Ekimen politikoak bihotzak mugiarazten ditu. XXI. mendean, Euskadi bezalako herri aurreratu bat ondo kudeatu behar da. Baina, horretaz gain, munduan kokatuko zaituen ekimena ere hartu behar da.

Identitatea, kultura, euskara defendatzea, loturik dago gaurko mundu globalizatuan zeure nortasuna errebindikatzearekin; eta hori politikoki guztiz zilegi da. Baina ez da hori bakarrik. Zeure nortasuna, kultura eta hizkuntza defendatzeak harreman zuzena du giza garapen iraunkorra lortzearekin.

Horrek ere balio du giza garapen iraunkorrerako, eta balio du XXI. mendean, globalizazioaren garaian, hemen nazio bat dagoela, euskal nazioa dagoela defendatzen duten alderdi abertzaleentzat. Herri bat, herri txiki bat dagoela, Euskal Herria, Europan eta munduan lekua izan nahi -eta behar- duena; hori defendatzeko ere balio du esan berri dudanak. (...).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.