Paperean ez ezik, euskarri elektronikoan ere salgai jarri ditu liburuak UEU Udako Euskal Unibertsitateak. 2011. urtean argitaratutako liburuak salgai daude dagoeneko, PDF formatuan. Etorkizunari begira eginiko apustua dela nabarmendu dute UEUko arduradunek.
Herenegun aurkeztu zuten egitasmoa Bilbon, eta eguna mugarritzat jo zuen UEUko zuzendari Karmele Artetxek. Harekin batera izan zen agerraldian Joserra Etxebarria, UEUko Argitalpen arduraduna. Jakinarazi zutenez, paperean baino %35 merkeago salduko dituzte liburuak euskarri digitalean, «produkzioa bera merkeagoa delako, eta halako edukiak ahalik eta gehien zabaltzeko asmoz».
Teknologia berrietara egokitzeko beharraz hitz egin zuen Artetxek: «Ezin diegu uko egin teknologia berriek sortzen dituzten ohitura eta bide berriei». Paperetik digitalera jauzi egiteko ordua dela gaineratu zuen Etxebarriak, «idazmakinatik ordenagailura egin genuen bezala». Salto hori egiteko UEUk dituen zailtasun ekonomikoak ekarri zituzten gogora, eta Eusko Jaurlaritzak laguntzak murriztu izana kritikatu zuten. Zazpi liburu argitaratuko ditu unibertsitateak aurten; iaz baino lau gutxiago.
Ez da aurreneko urratsa
Liburuak euskarri elektronikoan saltzea ez dela esparru horretan eginiko urratsa gogorarazi zuten Artetxek eta Etxebarriak. Izan ere, giza eta gizarte zientzien alorrean argitaratzen den Uztaro eta arkitekturako Aldiri aldizkarien ale guztiak sarean eskuragai daudela nabarmendu zuten —80 eta bederatzi ale, hurrenez hurren—, azken urteko zenbakiak izan ezik. Gainera, deskatalogatuta dauden argitalpenak euskarri digitalean eskuratzeko aukera ere ematen du UEUk.
Liburuak euskarri elektronikoan salduko ditu UEUk
Unibertsitateko arduradunek esan dute paperezko liburuak baino %35 merkeago izango direla digitalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu