Alain Vidalies Frantziako Garraio Estatu idazkariak iragarri du aspaldian utzitako proiektuari heltuko diola Frantziak berriro: Atlantikoko kamioi trenbidea. Euskal Herria zeharkatuko du kamioi trenbide horrek, eta errepideetako trafikoa arintzea du helburu, kamioiak osorik edo edukiontziak soilik trenez garraiatuz . Vidaliesek esan du datorren urtean egingo dutela zerbitzua emateko deialdia, tren konpainiek kamioi trenbidearekiko interesa duten edo ez agertu dezaten.
Kamioi trenbideak kamioiak eta horien edukiontziak garraiatzeko trenbide zerbitzu bereziak dira. Tren horiek kamioiak osorik edo edukiontzia soilik garraiatzen dituzte bi punturen artean. Arazoa, ordea, trenbidearen zabaleran eta altueran egoten da, leku guztietan ez baitaude kamioien neurrien beharretara egokituta. CADEk BERRIAri adierazi dio litekeena dela AHTren trenbidea erabiltzea, eta kontra agertu da: hobe omen da, horren arabera, salgaiak garraiatzea trenez, eta ez kamioiak.
Frantziak hasieran batean Lille eta Baiona lotzea zuen helburu, baina Espainiarekin elkarlanean Irungo mugako trafikoa arintzeko, zerbitzua Gasteizera arte luzatzeko asmoa du orain. Beraz, Gasteizen legoke karga eta deskargarako gune horietako bat, Jundizen. Bestea Frantzia iparraldean egongo litzatekeela aurreratu dute, Lillen ziurrenik. Ardatz Atlantikoaren bilera batean, gaur Bordelen, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako ordezkariak nabarmendu du asmo horrek erakusten duela Ardatz Atlantikoa estrategikoa dela, eta euroeskualdearen garapen jasangarrian lagunduko duela gaineratu du.
Frantziako Garraio Estatu idazkaria, ordea, ez da ausartu zerbitzua martxan noiz izango den aurreratzera. Gaur Bordelen bilduko da Julio Gomez Pomar Espainiako Azpiegitura Estatu idazkariarekin. Vidaliesek esan du Frantziak kamioi trenbidea Espainiarekin batera eraikitzen badu "zentzu erabatekoa" izango duela. Uztailaren 29an erabaki zuten Frantziak eta Espainiak proiektua aztertzeko lan taldea abiatzea, eta urriaren 9an egin zuten lehen bilera.