Jendetza elkartu da Donostiako Bulebarrean 12:30etan, atxilotu eta espetxeratzeko agindua duten gazteei babesa adierazteko. Manifestazioaren buruan, pankarta daramala, doa espetxeratzeko arriskuan dagoen gazteetako bat: Ekaitz Ibero. Besteak beste, "euskal gazteria aurrera" eta "gazteak dira, ez terroristak" oihukatzen ari dira martxan. Independentziaren alde ere ari dira deiadar egiten.
Atxilotu eta espetxeratzeko aginduarekin daude oraintxe Errenteriako bost gazte eta Donostiako bat. Haiei elkartasuna adierazteko eta gazte mugimenduaren zilegitasuna aldarrikatzeko deitu du manifestaziora Eleak mugimenduak. Euskal gazteria libre eta legala goiburupean Bulebarretik abiatu da manifestazioa, eta hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileren babesa lortu du. Esate baterako, manifestazioarekin bat egin dute EH Bildu, Alternatiba eta Eusko Ekintza alderdiek, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek, Donostiako Udalak, Lokarrik, Askapenak eta Gazte Abertzaleek. "Eragile sozial, politiko eta sindikaletatik harago, herritarrak dira egoera aldatzeko giltza nagusia", esan zuen Eleak mugimenduak manifestaziorako deia egin zuenean.
Errenteriako hiru gazteek ezkutatzeko asmoaren berri eman eta hurrengo egunean egin zuen manifestaziorako deia Eleak mugimenduak, eta gazteen erabakia ulertzen eta errespetatzen zuela jakinarazi zuen. Gaur agertu dira manifestazioan Arkaitz Anza, Maitane Linazasoro eta Xabier Lujanbio. Manifestazio amaieran, Linazasorok, hiruren izenean, eskerrak eman dizkie babesa adierazi eta etxeko ateak zabaldu dizkieten guztiei. Ondoren, Maria Cristina hotelean kateatu dira hirurak, eta atxilo eraman ditu Ertzaintzak. Antiguako ertzain etxera eraman dituzte.
Hain justu, Anzari, Lizanasorori eta Lujanbiori egindako elkarrizketa kaleratu zuen atzo Oarsoaldeko Hitza-k. Ezkutatzeko erabakia hartzeko bi arrazoi nagusi izan dituztela adierazi du han Lujanbiok: "Gurea militantzia politikoa zen eta da, eta kriminalizatu, kolpatu eta zigortu nahi dute. Hori horrela, erabaki genuen militantzia politiko horrekin aurrera jarraitzea zela eman geniezaiokeen erantzunik onena. Bestalde, ezkutatuta argi eta garbi uzten dugu epai hau ez dugula onartzen eta Espainia ez dela nor gu epaitzeko".