Lindanoa iragan mendean ekoiztu zen. Tona bat egiteko, beste sei eta hamar tona arteko hondakinak sortzen ziren, "produktua bera bezain kutsakorrak". Hondakin horiekin kutsatutako urak eta lurrak "arriskutsuak" dira osasunarentzat, eta Munduko Osasun Erakundeak minbizi eragiletzat sailkatuta dauka.
Kutsadura guneak aurkitzeaz eta sailkatzeaz gain, Ekologistak Martxanek erakundeei eskatu die, besteak beste: eremu kutsatu guztien garbiketa bermatzea, giza kontsumorako ura ekoizteko hargune desegokitzat jotzea konposatu organiko iraunkorrek eraginiko ibaiak eta eremuak, gertaerak ikertzea eta erantzukizunak eskatzea, jarduera horietarako beharrezko aurrekontuak izendatzea, eta gardentasuna eta etengabeko informazioa bermatzea.
Ekainaren 13an bilduko dira Gasteizko legebiltzarreko alderdiekin, txostena helarazteko.
Taldeak jakinarazi duenez, "bereziki" larria da Bizkaiko kasua. "Gaur egun, oraindik badaude kutsadura-guneak, sustantzia horrek kalkulatu ezineko ondorioak dituen inpaktua eragiten jarraitzen duelako". Barakaldo eta Erandio aipatu dituzte, bertan ekoiztu baitzen lindanoa fabriketan, eta segurtasun biltegiak daudelako. Horietaz gain, Biana eta Iguzkitzan (Nafarroa) ere kutsadura guneak daude, 70eko hamarkadan legez kanpoko "isurketak" egin zituztelako. Baina kontrolatu gabeko gune asko egon badaudela ohartarazi du talde ekologistak, "bereziki" arduratzen dituenak, esaterako, Oiolako (Barakaldo) urtegia.