Lindanoa nondik datorren argitu arte Oiolako ura ez erabiltzeko eskatu dute

Urtegiko ura erabili nahi duten herritarrek erabaki dezaten, herri galdeketa eskatu dute talde ekologistek

Orain bi aste itxi zuen Barakaldoko Udalak Oiolako urtegia, bigarrenez. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Barakaldo
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Barakaldo (Bizkaia) urez hornitzen duen Oiolako urtegian lindanoa agertu eta urtegia itxi izanak kezka piztu du herriko ekologisten artean. Ezpitsua, Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeek atzo salatu zutenez, urtegiko uraren kutsadura neurtzeko protokoloa ez da bete, eta, gainera, ez Barakaldoko Udalak ez Eusko Jaurlaritzak ez diete inolako informaziorik eman. Beraz, herritarrek ez dakite nolako ura edan eta erabili izan duten, ez eta zein ondorio izan dezakeen horrek haien osasunean. Horregatik, kutsadura nondik datorren argitu arte urtegia ez zabaltzeko eskatu dute.

2008tik itxita egon ostean, 2011ko maiatzean berriz ireki zuten urtegia. Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak, ordea, hilabete gutxira eman zuen urtegia berriro ixteko agindua, iazko azaroan. Udalak argudiatu du «prebentzio neurri gisa» agindu zutela ixteko, baina ekologistek gezurtatu egin dute. «Osasun Sailak bi baldintza jarri zituen 2011ko maiatzean: segurtasun protokoloa eta alarma sarea edukitzea. Alarma sareak ez du inoiz ondo funtzionatu, eta horregatik agindu zion udalari urtegia ixteko», azaldu du Iratxe Garridok.

Baina taldeek uste dute otsailera arte ez dutela itxi. Hori dela eta, azaroan urtegian lindanoa antzeman zutenetik ur kutsatua kontsumitu dutela susmatzen dute. Udalak adierazi du litroko 25 nanogramo lindano aurkitu zituztela uretan eta kopuru hori legez baimendutakoaren azpitik dagoela, baina ekologistek gogorarazi dute dosi txikietan ere oso gai arriskutsua dela: «Gantz ehunean metatzen den kutsatzaile astuna da lindanoa. Ez dago dosi txikirik, dosi bakoitza aurrekoari eta ondorengoari gehitu behar zaiolako».

Beraz, osasunean eragiten dien aldetik, herritarrek Oiolako ura erabili nahi duten ala ez erabakitzeko eskubidea dutela nabarmendu dute. Partzuergoaren bidez banatzen den ura kontsumitzea garestiagoa dela argudiatu izan du Barakaldoko Udalak Oiolakoa erabiltzea justifikatzeko, baina ekologistentzat, aurreztea baino garrantzitsuagoa da osasuna zaintzea.

Horregatik, auziari buruzko herri galdeketa bat antolatzeko eskatu diote udalari. Era berean, Oiolari buruzko jarraipen batzorde bat eratzea eta bertan herritarrak ordezkatuta egotea ere galdegin diote. Ildo horretan, kutsadura nondik datorren jakin eta segurtasuna erabat bermatu arte urtegiak itxita beharko lukeela azpimarratu dute.

Alarmarik gabeko protokoloa

Dena den, 2008tik 2011ra Oiola itxita egon zen bitartean egindako ikerketak ez ziren izan oso argigarriak: ez zuten aurkitu lindanoaren iturria. Angela izeneko errekatik heltzen zela argitu zuten, baina kutsadura gunea zehaztea oso zaila dela diote ikertzaileek, eta errekaren ibilbidea desbideratzea ere alboratu dute.

Kutsadura nondik datorren ez jakin arren, bertako ura kontsumitu ahal izatea ebatzi zuen Jaurlaritzak 2011n, segurtasun protokolo bat ezarrita: emaria muga batera heltzean, urtegia berriz itxiko litzateke, errekatik heldutako lindano kopurua neurtzeko. Baina edukiaren berri eman beharko lukeen alarma sistema ez da inoiz ibili. Eta ekologistek uste dute abenduko euri uren ondorioz urtegiak gainditu egin zuela segurtasun protokoloan ezarritako muga: «Nolakoa zen abendutik otsailera bitartean kontsumitu genuen ura?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.