Ingurumena

Lindanoaren auzian udalen kolaborazio eskasa egon dela argudiatu du Arriolak

Ingurumen sailburuak azaldu du udalek eta lur errentariek trabak jarri dituztela Jatako eta Enekuriko zabortegiak ikertzeko. Oposizioak leporatu dio arazoari bere osotasunean ez heltzea.

Jatako zabortegia. LUIS JAUREGIALTZO (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko urriaren 22a
07:51
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila «bere esku dagoen guztia» egiten ari da, baina udalek ez diote behar bezala erantzuten berak eginiko eskaerei. Hori argudiatu du Iñaki Arriola sailburuak Bizkaiko Jatako zabortegian —Mungiako Udalarena da— eta Enekuriko zabortegian —Bilboko Udalarena— aurkitutako lindano arrastoak direla-eta sortutako polemikari buruz; kazeta honek argitara eman zuen uztailaren 25ean. Elkarrekin Podemosek eskatuta, Arriolak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordean.

Jatako zabortegia 1987an itxi zuten, eta Enekurikoa, 1999an; orain, haien gainean basoak daude. Garai batean, enpresek inolako kontrolik gabe botatzen zuten lindanoa (HCHa) —pestizidak egiteko prozesuan sortzen den hondakin toxiko bat—. Jaurlaritzak aspalditik zuen leku horietan lindanoa egon zitekeen susmoa, sailburuak aitortu duenez; kutsatuta egon daitezkeen lurren katalogoan azaltzen dira, baina ikerketa ofizialak falta dira.

Jataren kasuan, baina, 2017ra arte, Ekologistak Martxan elkarteak salaketa jarri zuen arte, gobernuak ez zuen urratsik egin; eta gauza bera Enekuriren kasuan, aurten salaketa jaso duen arte. Era berean, talde ekologistak bi ikerketa independente egin ditu leku horietan, eta lindanoa dagoela frogatu du. Legebiltzarreko saioan, halaber, EH Bilduko Mikel Oterok Arriolari gogoratu dio 1989ko agiri ofizial batek jasota daukala inguru horretako lindano kutsadura. «Jaurlaritzak ez du urratsik egiten beste batzuek salaketak jarri arte edota komunikabideetan agertu arte».

Sailburuak azaldu duenez, legearen arabera gobernuak ezin du ofizioz jardun; egoera konpontzeko egin behar diren lanak abiatzeko, aurrena, erantzuleak bilatu behar ditu. «Badirudi soilik Jaurlaritzarena dela erantzukizuna. Baina legeak dio gobernuak erantzuleak bilatu behar dituela, eta, ahal duen neurrian, haiei egotzi behar diela eta haiek ordaindu behar dutela eragindako kaltea».

Horretarako, ezinbestekotzat jo du udalen kolaborazioa. Jatako zabortegiaren kasuan, sailburuak azaldu du Mungiako Udalak zer urrats egin dituen eta zer erantzun eman dituen, gobernuak prozedura abiatu eta urte eta erdira. Ondorioa: udalak ezin izan du bete Jaurlaritzak ingurua hesitzeko, lixibatuak birbideratzeko eta isurketa gertatu zen ingurua inpermeabilizatzeko eginiko eskaera, Ingurumen Sailari azaldu dioenez, lurraren errentariak jarritako trabengatik.

Arriolak zehaztu duenez, udalaren eta lur errentariaren aurkako zigor prozedurak abiatu ditu Jaurlaritzak. Azken erabakia aurreko astekoa da: errentariaren aurkako 25.000 euroko isun eskaera bat. Enekuriko zabortegiaren kasuan, berriz, Bilboko Udalari egotzi dio ardura: aurtengo udan Jaurlaritzak eginiko eskaerei ez diela erantzun, eta irailean zigor espediente bat abiatu zuela jakinarazi du. Oztopoak oztopo, sailburuak nabarmendu du lanean jarraituko duela Jatako eta Enekuriko kasuak konpondu arte.

Konponbide integrala

Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen aho batez martxoan, eta, beste zenbait neurriren artean, aurreikusi zuen instituzioen arteko lan mahaiak sortzea lindanoaren arazoari konponbideak bilatzeko. Horren harira, oposizioko taldeetako eledunek salatu dute sailburuak soilik Jata eta Enekuriko «kasu jakinei buruz» hitz egin duela Bozeramaileen Batzordean, nahiz eta Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezek agerraldia baliatu duen auziarekin loturiko beste hainbat galdera egiteko.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek nabarmendu dute martxoan adostutakoa ez dela martxan jarri; «iruzur» egitea leporatu diote Arriolari, eta gogoratu diote lindanoaren auziak konponbide integrala behar duela, eta ez unean-uneko polemikei erantzutea.

Arriolak nabarmendu du Elkarrekin Podemosek eginiko agerraldi eskaeran bi kasu horiei buruz galdetu diola, eta, bestelako informaziorik nahi badu, horiek eskatzeko legebiltzarreko mekanismoen bidez.

Natalia Rojo PSE-EEko legebiltzarkideak, berriz, adierazi du arazoari konponbidea ematen ari zaiola, eta «oinordetzan» jasotako auzi bat dela nabarmendu du. EAJko MIkel Arruabarrenak aitortu du «xehetasun txiki batzuk gelditzen dira konpontzeko», eta azpimarratu du lan handia egin dela 1995. urtetik —orduan aurkeztu zuen Jaurlaritzak lindanoari buruzko lehen plana, lindanoaren ekoizpena debekatu eta bederatzi urtera—.

Talde ekologisten arabera, agerikoak dira hondakin toxiko horren arriskuak; alde batetik, zabortegien gainean sortzen diren basoek su hartuz gero, oso ondorio larriak izan daitezke: lindanoa desegin egingo litzateke, eta fosgeno izeneko substantzia pozoitsu bat askatuko luke. Bestetik, hango zura erabiltzea ere arriskutsua izan daiteke. Gainera, lurrak ez ezik, inguru horietatik igarotzen diren lur azpiko urak eta errekak ere kutsa ditzake lindanoak —Jatatik gertu dago urtegi bat eta itsasoa— . Era berean, gizakien osasunean eragin handia dauka: besteak beste, Osasunerako Mundu Erakundeak minbizi eragiletzat jo zuen 2015ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.