Lip dub independentista, Durangon

'Sarri, sarri' abestiaren konpasera grabatuko dute, astelehenean, eta parte hartzeko deia egin diote nahi duenari

Oihana Elduaien Uranga.
2010eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioaren egunean independentzia aldarrikatzeko ekimen koloretsua eta irudimentsua egingo dute Durangon, Landako erakustazokan egiten den liburu eta disko azokaren bueltan. Independentziaren aldeko lip duba grabatzea da asmoa, Kortaturen Sarri, sarri kantu ezagunaren doinuan. Katalanek antzeko ekimena egin zuten, Obrint Pas talde valentziarraren kantu ezagun batekin eta izaera ugaritako jendearen parte-hartzearekin bideo bat grabatu zuten. Munduko errekorra hautsi zuten, eta atzo, 870.602 aldiz ikusi zuten bideoa. Marka hori hausten saiatuko dira euskaldunak.

Ekimenaren antolatzaileek lipdub.euskalherrian.info/ webgunea jarri dute martxan, eta bertan jaso dituzte ekimenaren xehetasun guztiak. Baita ekimenaren berri emateko asmoz kalean zabaltzeko euskarriak ere.

Izan ere, jendea behar dute ekimena aurrera ateratzeko. Kamera baten ibilbidearen inguruan dantza egingo duen jendea. Euskal nortasuna agertzea nahi dute, eta, beraz, dantzariak, sokatiralariak, folklorea irudikatzen duten pertsonaiak, festetako arropak eta abar batu nahi dituzte. Ikurrin mordo bat astinduko duen jendea ere behar dute, baita munduko beste hainbat tokitako banderak haizatuko dituena ere. Berdez jantzita joateko deia egin dute.

Eguerdian grabatzea da asmoa, 13:00etatik aurrera; nolanahi ere, komeni da parte hartu nahi duen jendea lehenago agertzea, 11:00 alderako. Azokaren kanpoan identifikatzeko zerbait jarriko dutela diote, ondo ikusteko moduan. Aurretik izena emateko ere eskatu dute antolatzaileek, gutxi gorabehera egin beharrekoa prestatu ahal izateko. Xehetasunen berri jakiteko eta zalantzak argitzeko webgunean sartu besterik ez dago, eta joango direnen zerrendak osatzen ere ari dira, Berriketan.info sare sozialean, esate baterako.

Ez da hori izango egun horretan independentziaren alde egingo den gauza bakarra. Independentistak mugimenduak ere ekimenak egingo baititu.

Bestalde, Ikasle Abertzaleak elkartearen iritzian, hezkuntza sistema propioa eduki ezina eragiten du, besteak beste, Espainiako Konstituzioak. «Egutegi arrotzak inposatu» egiten direla uste du, eta horregatik «ukazioa eta lurralde zatiketa ospatzen den egunean» ospatzeko ezer ez dutela iritzita, ikastetxeak irekitzeko deia egin dute.

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

http://berriketan.info/ekitaldiak/lip-dub-euskal-herrian/

http://lipdub.euskalherrian.info/
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.