30 urteko gizonezko bat, I.F.C.E. Aranda de Dueroko (Burgos, Espainia) bizilaguna hil da bart goizaldean Burlatan (Nafarroa), etxebizitza batean sortu den liskar batean parte hartu eta laugarren pisuko lehio batetik erorita.
Espainiako Poliziaren Nafarroako ordezkaritzak jakinarazi duenez, 03:20 aldera Burlatako Ezpondoa kaleko etxebizitza batera joateko deia jaso dute, jende talde handi bat liskarretan zebilela-eta. Polizia bat laugarren pisura iritsi denean ikusi du gizonezko bat beste bati euten ari zela, eskailera buruko lehiotik etxartera amiltzeko zorian zegoelako. Iturri horien arabera, eusten zionetik askatzeko ahalegina egin du zintzilik zegoenak, eta polizia laguntzera iritsi denerako amildu egin da. Bizirik eraman dute Nafarroako Ospitalera, baina goizeko zazpiak inguruan hil egin da zituen zaurien ondorioz.
Aipatutako iturriek agertu dute, liskar handiak gertatu direla etxebizitza horretan. Lehen ikerketen arabera, etxe barruan ziren guztiei eraso egiten hasi da gizonezko bat, eta, gainera, atea hautsi du, eta su itzalgailuak hustutzen hasi da barruko isurkina zabalduz. Ondorioz, Polizia iritsi denean hainbat lagunek asfixia sintomak zituzten, isurkin toxiko hori arnastu dutelako.
Era berean, lehiotik erorita zauritu den gizonezkoa ohatilan ateratzen saiatu direnean, jende talde batek aurre egin diete larrialdi zerbitzuetako kideei Ospitalera eramatea eragotzi nahian. Poliziei ere eraso diete, eta haietako bat kolpe ugari ditu gorputz osoan eta begietako batean.
Liskarrak eragin dituelakoan 46 urteko J.H.C. gizonezkoa atxilotu dute, Iruñeko bizilaguna.
Ezbeharra
Liskarretan zebiltzala lehiotik erorita hil da gizon bat Burlatan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu